Hiru doneztebar ariko dira larunbatean Zubirin Nafarroako erremonte txapelketaren finalean

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 27a, 09:30
Uterga eta Otxandorena doneztebarren arteko borroka izanen da aitzineko kuadroetan.

Xanti Uterga eta Dabid Mitxeo, Eloy Otxandorena eta Ionen kontra ariko dira urriaren 28an Zubirin

Nafarroako XVIII. erremonte txapelketako finala jokatuko dute Zubirin urriaren 28an, larunbatean 18:00etan hasiko den jaialdean. Xanti Uterga eta Dabid Mitxeo doneztebarrak, Eloy Otxandorena doneztebarraren eta Ionen kontra ariko dira. Jaialdia irekiko duen partidan, Zeberio II.a eta Barricart, Matxin III.aren eta Otanoren kontra ariko dira. Jaialdia hasi baino lehen Iturengo joaldunek joareak astinduko dituzte Zubirin.

Erremonte Fundazioak antolatu duen txapelketa honetako jaialdi guztietan bezala, finalean ere sarrerak ADANO elkartera bideratuko dira. 16 eta 22 urte arteko ikusleek bortz euro ordaindu beharko dute eta gainerakoek hamar euro. Hamasei urtetik beheitikoek ez dute ordaindu beharrik izanen. Erremontisten kamisetak ere zozketatuko ditu Erremonte Fundazioak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun