Burgosen eta Silosen kantari aritu da Mendi abesbatza

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 26a, 11:00

Joan den asteburuan Mendi Abesbatza Burgos aldean ibili da bidaian. Larunbat arratsaldean hiriburuko San Esteban Ganbara Abesbatzarekin kontzertua eskaini zuen San Nicolás de Bari Elizan. Gustura aritu ziren Mendiko abeslariak, halako eliza ederrean eta publiko aunitzekin beraien hoberena ematen.

Emanaldia elizako korutik hasi zuten, bertako organo bereziaren laguntzaz, Hilarión Eslava eta Federico Moreno-Torroba Larreglaren obrak abestuz. Kontzertuaren zati handiena, dena den, aldaretik abestu zuten eta batez ere Nafarroa eta Euskal Herri osoko kantak abestu zituzten arrakasta handiz. Sorozabal, Aita Donostia, Luis Aranburu, Gabriel Olaizola zein Moreno-Torrobaren konpositoreen lanak izan ziren eskainitakoak. Eta saioa bukatzeko, bi abesbatzek elkartuta De Marzi konpositore italiarraren Improvviso eta Rosana abeslariaren Si tu no estás aquí abestu zituzten guztien gozamenerako.

Baina ez ziren hor akitu musika kontuak. Hurrengo egunean Siloseko Monastegira egin zuten bidaia eta bertako meza abestua entzun ondotik, Mendi Abesbatzako kideek kontzertua eskaintzeko aukera paregabea izan zuten, oraingoan ere bertako organoaren laguntzaz.

Bi emanaldietan Ruth Etxebeste, Amaia Cordoba eta Raquel del Val izan zituzten lagun organo zein pianoan eta kide aunitzek bakarlari lanak ederki bete zituzten.

Bidaian bizitako guztiarekin abesbatzako kideak gogoberrituta eta hurrengo emanaldiak iristeko gogoz bueltatu dira herrira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun