Hiru doneztebar izanen dira Nafarroako erremonte txapelketako finalean

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 23a, 13:00
Mitxeok eta Jabalerak galdu egin zuten larunbatean Irunberrin Matxin III.aren eta Otanoren kontra finalerdiko itzulerakoan, baina tanto bakarragatik finalerako txartela lortu dute Utergak eta Mitxeok.

Xanti Uterga eta Dabid Mitxeo, Eloy Otxandorena eta Ionen kontra ariko dira urriaren 28an Zubirin

Nafarroako XVIII. erremonte txapelketako finalerdietako itzulerako partidak jokatu dituzte asteburu honetan eta urriaren 28an Zubirin jokatuko den finaleko protagonistak zein izanen diren erabaki da: Xanti Uterga eta Dabid Mitxeo doneztebarrak, Eloy Otxandorena doneztebarraren eta Ionen kontra ariko dira.

Igandean, Irunberrin jokatu zen lehen finalerdiko itzulerakoa eta Xanti Uterga doneztebarraren eta Agirrezabalaren bi ordezkoek, Aimar Jabalera eta Dabid Mitxeo doneztebarrek 30-35 galdu zuten Matxin III.a eta Otanoren kontra, baina joanekoan sei tanto aldearengatik irabazia zuten Utergak eta Mitxeok. Hortaz, tanto bakarragatik finalerako sailkatzea lortu zuten Utergak eta Mitxeok. Izan ere, Agirrezabalak ez, baina Utergak izanen du finala jokatzeko modua.

Igandean, Altsasun, Eloy Otxandorena doneztebarrak eta Ionek nagusitasunez irabazi zieten Zeberio II.a eta Aimar Saldias oiztarrari (35-21). Joanekoan tanto bakarragatik irabazia zioten Zeberiok eta Saldiasek Otxandorena eta Barricarti, baina atzelari titularrarekin nagusi izan zen Doneztebeko aurrelaria. 

Ionek eta Otxandorenak nagusitasunez irabazi zieten Saldias eta Zeberio II.ari.

Finalean, beraz, Uterga eta Mitxeo eta Otxandorena eta Ion izanen dira aurrez aurre.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun