Nafarroako erremonte txapelketako finalistak erabakiko dira asteburuan

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 20a, 16:00
Finalerdietako joanekoan berdintasun handia izan zen Otxandorenak eta Barricartek, Zeberio II.a eta Saldiasen kontra jokatutako partidan. Itzulerakoan, gibelean Ion izanen du lagun Doneztebeko aurrelariak.

Larunbatean Irunberrin ariko dira Otxandorena eta Ion, Zeberio II.a eta Saldiasen kontra eta igandean Altsasun, Uterga eta Agirrezabala, Matxin III.a eta Otanoren kontra

Nafarroako XVIII. erremonte txapelketako finalerdietako itzulerako partidak asteburu honetan jokatuko dituzte eta, beraz, urriaren 28an Zubirin jokatuko den finaleko protagonistak zein izanen diren erabakiko da. Urriaren 21ean, larunbatean Irunberrin ariko dira Eloy Otxandorena doneztebarra eta Ion, Zeberio II.a eta Aimar Saldias oiztarraren kontra eta urriaren 22an, igandean, Altsasun, Xanti Uterga doneztebarra eta Agirrezabala, Matxin III.a eta Otanoren kontra.

Finalerdietako joaneko partidetan, Zeberio II.a eta Saldiasek tanto bakarragatik irabazi zieten Eloy Otxandorena eta Ionen ordez aritu zen Barricarti. Utergak eta Agirrezabalaren ordez aritu zen Mitxeok, berriz, sei tantoko aldearekin irabazi zieten Matxin III.ari eta Otanori.

Erremonte Fundazioak antolatu duen txapelketa honetako jaialdi guztietan bezala, sarrerak ADANO elkartera bideratuko dira asteburuko bi jaialdietan ere. 16 eta 22 urte arteko ikusleek bortz euro ordaindu beharko dute eta gainerakoek hamar euro. Hamasei urtetik beheitikoek ez dute ordaindu beharrik izanen. Erremontisten kamisetak ere zozketatuko ditu Erremonte Fundazioak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun