Liburu aurkezpena eta bakarrizketa izanen dituzte ortziralean eta larunbatean Donezteben

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 19a, 16:30
Olatz Pagaldai da 'Erdaldun berrien kluba' bakarrizketako aktorea. Argazkia: Goiena.

Asteburu honetan ere kultur ekitaldiak izanen dituzte Donezteben. Bihar, ortziralea, hilaren 20an 'De función pública. ¿Cómo va el mundo?' liburuaren aurkezpena izanen dute 19:30ean udaleko pleno aretoan.

Aurkezpenean, Jaime Izquierdo Vallina liburuaren egileaz gain, Isabel Elizalde eta Arantxa Arregi herriko alkateak ere parte hartuko dute.

Larunbatean, aldiz, Erdaldun berrien kluba euskarazko bakarrizketa izanen dute 20:00etan zineman. Doneztebeko Udalak antolatu du emanaldia, eta sarrerak 2 euroko prezioa du. Bakarrizketaren egilea Idoia Etxeberria da eta aktorea Olatz Pagaldai.

Horrela dio sinopsiak: Irantzuren klubean gutxi dira. Lau katu. Eta sekula ez dute saririk jaso. Ez dituzte telebistan aipatzen. Ez diete elkarrizketarik egiten. Irantzuren kluba ezezaguna da. Klandestinoa. Badakizue zergatik? Irantzuren kluba erdaldun berrien kluba delako, eta erdaldunberri gehienek ez dakite erdaldun berriak direnik. Izan ere, zer arraio da erdaldun berria izatea?.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun