Labaiengo Mattikonea-Xalbatonea etxea betirako galdu da

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 10a, 11:00
Labaiengo Mattikonea-Xalbatonea etxea, oraindik zutik zegoenean.

Etxe bat desagertu da Beintza-Labaienen, zehazki Labaiengo Mattikonea-Xalbatonea, bi bizitzarekin. Mattikonea, eraikin zaharra zen eta erortzeko arriskuan zegoenez, botatzeko erabakia hartu du Beintza-Labaiengo udalak, Iruñetik baimena eman eta gero. Etxea aspalditik hutsik zegoen eta egoera kaskarrean azken urteetan. Vianako Printzea erakundean dagoen bekaizkeriak ez du lagundu etxe zahar hau konpontzen eta aurrera egiten. Zama, eraman ahalekoa izan behar du, eta horretarako, laguntza beharrezkoa da. Iruñean, ez dira konturatzen.

Mattikonea, babes integraleko eraikin gisa zegoen katalogatua. Etxeak bere abizena bazuen eta ondoan Arretxea, dorretxea dago. 1392. urtean Matxingo de Arrechea Escudero del Reino bizi zen bere soldaduekin. Trentoko kontzilioa eta gero, 1545-1563 artean, elizak jaiotakoen izenak jasotzen hasi zen.

Hauek izan ziren etxe honetako lehendabiziko izenak:

  • 1585eko uztailaren 22an, Hernando Maitticorena Arretxe jaio zen.
  • 1584ko maiatzaren 14an, Maria Maitticorena Arretxe.
  • 1595eko ekainaren 30ean. Santxo Maitticorena Arretxe.
  • 1678 urtean berriz, Domingo de Maitticorena Lavayen, etxeko jabea.

Hortik aurrera, Maitticorena abizena, Beintza-Labaienen etxe askotan izan ohi da. Abizen honekin jaiotako azkena, Robustiana Maitticorena Aldaya izan zen, 1887ko maiatzaren 26an. Salbatorena izenarekin ere ezagutu zen eta etxe horretan jaiotakoak dira:

  • 1570eko abenduaren 26an, Grafina Salbatorena Zapatagillearena.
  • 1578ko maiatzaren 19an, Miguel Salbatorena Errementarena.
  • 1582ko uztailaren 15ean, Martin Salbatorena Errementarena.
  • 1626ko abuztuaren 3an, Graciana Apezarena de Lavaien.
  • 1.678an, Martin de Irigoien, Chalbatoneako nagusi bezala ageri da.
  • 1726an Salbatorenako nagusi, Pedro de Miquelerena.

XIX. mendean Erasun abizena sartu zen. 1806ko ilbeltzaren 18an, Juan Jose Erasun Ernandorena jaio zen. Doralbea etxera ezkondu zen, Maria Ignacia Echeverriarekin. Lau belaunaldiz Doralbea etxean iraun zuen abizen honek. Ondorengoak hauek izan ziren: Gregorio Erasun, Pedro Erasun eta azkenekoa Elena Erasun.

1807ko abenduaren 30ean Pedro José jaio zen, Juan Joseren anaia. Danbolin bordara ezkondu zen, Rafaela San Miguelarekin. Gaur egun, Danbolinbordan Erasun abizenak irauten du.

«Karrikan goiti eta beheiti genbiltzanean, zenbat aldiz begiratzen genuen Maitticoneko atariko intxaurrondo bikain eta eder hura. Zenbat istorio pasatu izango ziren bere azpitik…».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun