Euskararen Eguna asteburu honetan ospatuko dute Zubietan

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 4a, 09:00
Herriko eskulangileen lanak ikusgai eta erosgai jarriko dituzte Zubietako Euskararen Egunean.

Ohiko egitarauaz gain, Joseba Sarrionaindia idazleak euskara eta euskal literaturaz hitzaldia emanen du ostiralean eskolan

Ohiko egitarau zabalarekin Euskararen Eguna antolatu dute Zubietako gazteek asteburu honetarako. Urriaren 6an, ostiralean 18:00etan, Joseba Sarrionaindiak Euskara eta euskal literatura hitzaldia emanen du eskolan. 20:00etan pintxo lehiaketa izanen da Errandonean (pintxoak entregatzeko epea 18:00etatik 18:30era). 22:00etan mus txapelketa jokatuko dute Errandonea ostatuan.

Egun handia larunbatean

Urriaren 7an, larunbatean, 10:00etan hasita, herriko eskulangileen lanak egonen dira ikusgai eta erosgai plazan. Urdaiazpiko eta gazta apustua ere eginen dute. 11:00etan joaldunak ibiliko dira. 12:30ean aizkora apustua: Mikel Indakoetxea eta Mikel Santesteban, Raul Castro eta Antonio Jaunarenaren kontra. 13:30ean bertso saioa balkoitik balkoira: Bittori Elizalde eta Iker Gorosterrazu. 14:30ean herri bazkaria. 16:30ean haurrentzako magia ikuskizuna izanen da, Marsel magoaren eskutik. 17:30ean Turrutxiki txaranga ibiliko da kalean. 20:00etan Korrontzi taldea. Ilunabarrean taloak eskainiko dituzte eta Euskararen Eguna borobiltzeko, gauerdian hasita, Trikidantz taldearekin dantzaldia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun