[GUTUNA]: Eta jaiak segitzen du

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 1a, 08:00

«Etsipena eta tristura» adierazi ditu Zubietako Iñaki Sanchezek hainbat afixa euskaraz nola idatzita dauden ikusita. Horren inguruko bere hausnarketa TTIPI-TTAPAko irakurleekin partekatu nahi izan du iritzi artikulu honetan.

Udagoiena, uda sasoiaren azken ufadak iristen zaizkigun egunak eta oraindik herriren bateko jaien berri iragartzen duten afixak ikusgai baina… Ai ama! Etsipena eta tristura berriro ere euskaraz idatzitakoak ikustean: larunta, launta, Zubita, taluk, xinger jatia…eta antzeko  perlak nire begien aurrean. Egia esan, ez da gauza berria. «Kamixtak salgai, kasu man txakurrekin, okindegiye, gozoteiye, bestak, pestak, fiestak»… Hau jaia! Honelakoak eta larriagokoak ere oso ohikoak bihurtu zaizkigu bazter guztietan.

Herrietako kartelak, kaleko agiri publikoak, taberna-jatetxeetako menu-agiriak, eskola eta institutuetako zenbait ohar ere! Ez behin, ez bitan, maiz ikusi ditut euskara idatziari emandako ostikadak nire begi propioekin. Ez naiz ari Whatsappeko mezu pertsonalez edota lagunen arteko txatez; eremu publikoetan eta denon ikusgai diren komunikazioetan irakur daitezkeenez ari naiz. Ematen du herri analfabetoa izateaz harro daudela batzuk eta lotsagabeki «hemen honelaxe esaten baita!» delako batekin ihardesten dute. Zertan aberasten dugu euskara horrela jokaturik? Nire irudiz euskararen hilobia gero eta sakonago ari gara egiten. Ez nago euskalki eta tokian tokiko formen kontra, inolaz ez: idazkera ahalik txukun eta arautuen alde nago bakarrik. Bariku edo ortzirale erabil dezagun, baina behin ere barikuen edo ortzilin ez idatzi, arren!

Ematen du plazaratzen diren zenbait erregistrotan belarrira iritsi bezala idazteko ohitura naturalizatu dugula eta milaka urtez ahoz aho iraun duen hizkuntza horrela mantendu nahi dugula, erreserba komantxeen antzera.

Euskara bere galbidetik ateratzeko antolatzen ditugun jai eta ekinbideak folklorismo hutsean eror ez daitezen erne ibili behar dugu. Ezaguna dugun Aho bizi, belarri prest leloari begi itsu gehitu beharko genioke agian?

Ordua da, XXI. mendeko euskaldunok (mendebaldeko zein ekialdeko, iparraldeko zein hegoaldeko) elkar hartuta, euskara atera dezagun dantzara munduko plazetara (eta gure herrietako plazetara, noski). Ez al da nahiko Nafarroan pairatzen ari garen zonifikazio madarikatuarekin? Gu geu gure arteko paretak eta mugak indartzen ari al gara? Berriki bi mila urteko esku xume batek zorioneko bilakatu gaitu ustekabean euskaldun guztiok, ez dezagun gure zabarkeriaz poztasun hori hondatzen utzi.

Garbizalekeria eta akademizismo antzuan erori gabe bultza dezagun euskararen trainerua portu berberera, bakoitza bere arraunarekin alegia, baina ez diezaiogun zulo gehiago eragin oraindik flotatzen duen txalupari.

Nik ere maite zaituztet.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun