Joaldunen Eguna ospatu dute asteburuan Iturenen

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 26a, 16:30

Goizean hasi eta eguerdira bitarte aunitz izan ziren larunbatean joareak paratu zituzten herritarrak. Joareez gain, herri kirol desafioa, otordua, bertsoak eta musika izan zituzten Iturenen.

Testua: Arkaitz Mindegia

Adin guztietako joaldunak goizetik Ameztin baserriz baserri ibili ondotik, Latsaga auzoan eta herrian ibili ziren joare soinuekin herriko bazterrak alaitzen. Beraiekin batera herriko trikitilariak eta pandero joleak ibili ziren eta baita Aitor Mendiluze eta Unai Agirre bertsolariak ere.
 
Herriko itzulia plazan bukatu zuten, eta Baztango Arraioz eta Basaburua taldeko kideak bertan prest ziren herri kirol erakustaldia egiteko. Arrunt polita izan zen bi herrien arteko lehia, eta bukaera emateko Basaburuko taldeko kide batek desafioa luzatu zien herritarrei koxkor biltzen.
 
Bortz herritar aritu ziren bere aurka eta ikusmin handia sortu zuen, baina, azkenean ikusi zen Baztango kirolariak entrenamendu ederra egiten duela eta herritarrek joareak jo ondotik nekea nagusi zutela.
 
Herri kirolen ondotik Zubillaga kateringaren bazkari goxoa izan zuten, eta Agirren eta Mendiluzeren bertsoez gain, Andoni Mitxelena akordeoilariak jotako kantekin luzatu zen eguna ordu ttikiak arte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun