Nicolas Gurrutxaga

«Nire herriarekin dudan zorra da, nire gurasoen hizkuntza»

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 23a, 11:00

Nicolas GURRUTXAGA ARRILLAGA, Donamarian bizi den donostiarra

«Guraso euskaldunak nituen, eta hiru urterekin, gaztelaniaz jakin gabe eraman ninduten mojen eskolara. Hantxe akitu zen kontua». Hala galdu zuen euskara Nicolas Gurrutxaga Arrillaga donostiarrak.

Hala ere, «euskara ikasteko gogoa betitik» izan omen du: «Pentsatzen dut nire barrenean nonbait euskararen hondarra geldituko zela», eta euskara ikasteko «saiakerak» aunitzetan egin omen ditu, nahiz eta ez zaion nahi bezala atera dena: «medikua izan naiz, milaka ordu sartu ditut lanean eta euskara ikasteko apuntatzen nintzen aldiro ezin izaten nuen taldearen erritmoa segitu. Hasi eta uzten nuen edo taldeko martxa moteltzen nuelako uzteko erraten zidaten».

Hasi eta utzi ibili zen, erretiroa hartu ondotik «orain bai» erran zuen arte. «Nire herriarekin dudan zorra da, nire gurasoen hizkuntza, eta zahartu eta ez jakitea, onartezina iruditzen zitzaidan. Behar izan ditudan gainerako hizkuntzak ikasi ditut eta norberarena ez jakitea, ez da bidezkoa». Duela hiru urte etorri zen Donamariara bizitzera eta joan den urtean Doneztebeko euskaltegian eman zuen izena.

Esperientzia «bikaina» izaten ari dela kontatu du, baita «irakaslea erabakigarria» izan dela ere: «Hagitz kontent nago. Norberaren ikasteko interesaz gain, irakasle konprometitua izateak aunitz laguntzen du». Horrez gain, honela adierazi du: «inguru euskaldunean bizita, ikasteko beharra sentitzen nuen. Jubilotekan, adibidez, denak euskaldunak izanda, nik ulertzeko euren hizkuntza aldatu behar dute? Ez da bidezkoa. Ezin diozu taldeari eurena den hizkuntza aldatzeko eskatu, batek ez dakielako».

Euskararen egoeraz ere aritu da eta «orain baino aunitzez okerrago ezagutu» duela dio: «Ordutik honat aunitz egin du hobera, baina oraindik kezkatzekoa da. Preso dagoen hizkuntza da, eta denak gaztelaniaz moldatzen baldin bagara, zaila izanen da euskara erabat barneratzea». Urteotan «hizkuntza politikari lotuta» egin diren aldaketak aipatu ditu, «egoera hobetzen laguntzen dute», baina horrek «etengabekoa» izan behar duela nabarmendu du: «alde batera utzi orduko denak gaztelaniaz solasean akituko dugu. Eskolan, institutuan, unibertsitatean… euskaraz egin daitezke ikasketak. Hori guztia euskararen aldekoa da, baina arriskuan beti egonen da».

Horregatik, erdal hiztunei «euskararengana hurbiltzeko» mezua bidali nahi izan die, bere hitzetan, «hagitz polita» delako eta «ez direlako damutuko». Euskaldunei begira ere jarri da, «euskara mantentzeko» eskatuz: «Zaindu beharreko altxorra da».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun