Marga Macho

«Euskararen erabilera eta kalitatea jaisten ari dira»

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 23a, 10:00
Marga Macho Aguillo Malerrekako IKA euskaltegiko irakaslea da.

Marga MACHO AGUILLO, Malerrekako IKA euskaltegiko irakaslea

Malerrekako IKA euskaltegiko irakaslearen hitzetan, azken urteotan bereziki tituluen beharra dutelako hurbiltzen omen da jendea euskaltegira. Hala ere, salbuespenak badirela dio, eta horien artean, «euskararekiko motibazio sentimentala dutenak eta erretiroa hartuta euskaraz ongi irakurri eta idatzi nahi dutela erabaki dutenak» aipatu ditu. Euskaltegian «euskara maitatzen» erakusten dutela gaineratu du.

Zein da Malerrekako euskaltegiko eskaintza?

Aurrez aurreko klaseak ikas prozesuan dauden maila guztiak ematen ditugu, A1 mailatik C1 eta EGA mailaraino. Horretaz gain, DHB 4. Mailan solaskide programan parte hartzen dugu, ikasleei B2 mailan ahozkotasuna trebatzeko klaseak emanez.

Zenbat ikasle izaten dituzue?

Azkeneko urteotako talde kopurua honako hau izaten da: aurrez aurreko bizpahiru talde izaten ditugu 18-24 ikaslerekin eta online ikasten sei-zortzi ikasle.

Pandemiaren eragina sumatu zenuten?

Ez genuen nabaritu. Azpimarratu behar dugu pandemiaren ondorioz ikasgelak eta protokoloak zorrotz ezarri genituela eta ikasleek bikain erantzun zuten.

Zein izaten da euskara ikasteko arrazoia?

Azken urte hauetako joeran nabarmendu behar dugu jendea tituluaren beharra duelako hurbiltzen dela guregana. Bertze batzuk bere garaian, nahiz eta D ereduko ikasleak izan, titulua lortu ez zutenak eta orain behar dutenak izaten dira. Baditugu salbuespen batzuk ere: euskararekiko motibazio sentimentala dutenak eta erretiroa hartuta euskaraz ongi irakurri eta idatzi nahi dutela erabaki dutenak…

Zein dira ikasleen ezaugarriak?

Beheko mailetan kanpotik etorritakoak ditugu eta maila ertainean eta goi mailan bertakoak edota euskaldunak, hainbat motibazio edo behar dituztenak. Jatorriari dagokionez, bertze herrialdetatik etorritako aunitzik ez dugu, neurri handi batean, bertaratzen direnean euren lehentasuna ez baita euskara ikastea, gaztelania ikasi behar baitute. Katalan aunitz eskualdera etorri dira eta horien motibazioa eta atxikimendua handia da, txalogarria. Dena den, multzorik handiena bertakoa dugu edo Euskal Herriko bertze tokietatik etorritakoa. Sexuari erreparatuz, berriz, gehienak emakumezkoak ditugu eta gizasemeak direnak ikasleak edo erretiratuak dira. Lan egoeraren kasuan, batzuetan sumatzen dugu langabezian direlarik euskara ikasteko apustua egiten dutela, baina gure eskualdean, zorionez, langabezia txikia dugunez, profil hori ez da gehiengoa.

Ikasketa formatuari dagokionez, zein eredu aukeratzen dute?

Jendea aurrez aurreko era hautatzen saiatzen da, baina ordutegiarengatik edota lanagatik aunitzek online aukeratzen dute, astero izaten duten tutoretza saioarekin. Online hautatzen dutenak erritmo eta motibazio altua edo behar den bezalakoa izaten du ikasturte osoan.

Azken urteotan hizkuntza ohiturak aldatu dira?

Bai, zoritxarrez, ezagutza handiagoa delakoan gara, baina erabilerarekin jaitsiera gurean ere sumatzen ari gara, gainera, okerrera, beharbada, ez zaigula inporta edota ez dugula arazotzat jotzen da. Kalitatea ere ez dugu behar den bezala zaintzen.

Euskararen egoerak kezkatzen zaitu?

Bai, euskararen erabilera jaistean maila edota kalitatea ere jaisten dela iruditzen zaigu, baita hizkuntzarekiko atxikimendua eta kontzientzia ere. Nafarroan ezarrita dauden hizkuntza politikek ere ez dute laguntzen. Bertako administrazioan ahalegin handia egin dute, baina horietan ere hobekuntzak egin daitezke. Hala ere, jendartea da hizkuntza politikak aldatzeko presioa egin behar duena. Eta euskaraz bizitzeko apustua egiten badugu, euskaraz erosi, irakurri, kirola egin… behar dugu. Den-dena egitean gure hizkuntza behar den tokian jarriko dugu.

Zein mezu erranen zenieke herritarrei?

Gure euskaltegietan euskara maitatzen erakusten dugula, eta hori lortzean, poliki-poliki ikasten da; lortzen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun