24 lagunek hartu dute parte Donezteben bigarrenez egin duten Xake txapelketan

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 22a, 17:00

Pasa den larunbatean Doneztebeko bigarren xake azkarreko txapelketa antolatu zen Doneztebeko Casino elkartean. Iaz bezala, 24 jokalari hurbidu ziren txapelketan parte hartzera. Azpimarratzekoa da, 24 horietatik 8 haurrak zirela, joko honek etorkizuna polita duela erakutsiz. Lehengo urteko sariak mantendu ziren sailkapen orokorreko lehendabiziko hiruentzat. Aurtengo berri gisa, Doneztebeko lehengo sailkatuarentzat ere saria izan zen.

Testua eta irudiak: Iñigo Ostiz.

Sorpresarik ez zen izan lehendabiziko bi postuei dagokionez. Manuel Mayo eta Adrian Oroz faboritoek lehengo eta bigarren gelditu ziren hain zuzen ere. Biek 2000 puntutik goitiko Eloa zuten eta beraien kalitatea partida bakoitzean erakutsi zuten. Mayok txapelketa borobila osatu zuen 6 partidatik 6etan garaipen eskuratuz. Oroz ere txukun ibili zen eta Mayoren kontrako partidan bakarrik porrot egin zuen. Opari ederra izan zen maila honetako bi jokalarien arteko partida zuzenean ikustea.

Hirugarren postuan Daniel Aginaga gelditu zen . Honek ere txapelketa bikaina burutu zuen 6 partidatik 5etan garaipen eskuratuz. Arreko xakelaria bere esperientzia eta kalitatea erakutsi zuen 3. postu hau kasualitatea ez zela nabarmenduz. 

Doneztebarren aldetik, Ibon Rekarte izan zen txapelketako nagusia. Ez zen erraza izan postua hau definitzea, Iñigo Ostizekin lehendabiziko tie-breakako irizpideetan berdindua baitzegoen. Xakearekiko duen pasioari esker lortu du saria. Bide honetatik jarraituz gero, seguru asko ez dela bere lehendabiziko saria izanen.

Oro har, giro paregabea sortu zen eta bertara hurbildu ziren zale guztiek goiz bikaina pasatzeko aukera izan zuten. Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete bertara hurbildu diren jokalari guztiei. Bertzalde,  eskerrak txapelketa egitea posible egiten duten guztiei: Gazte Burrunbari, txapelketa antolatzeagatik; Casino elkarteari, tokia uzteagatik eta Mikel Gureari, material guztia uzteagatik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun