18:15ean hasiko da jaialdia eta lehenik Errekako erremonte jokalarien erakustaldia izanen da: Belarra eta Imanol, Mikelarena eta Maylin II.aren kontra. Bigarren jokoan profesionalak arituko dira 30 tantotara: Matxin III. eta Leatxe, Otxandorena eta Mitxeoren kontra. Azkenik, Nafarroako XVIII. erremonte txapelketako finalerdietan sartzeko jardunaldi erabakigarria jokatuko dute: Aimar Jabalera eta Barricart, Xanti Uterga eta Agirrezabalaren kontra.
Honez gain, herriko hainbat kirolari omenduko dituzte, eta taloak eta barra izanen dira. Adanoren alde antolatu dute jaialdia, eta sarrerako dirua elkartearendako izanen da. 16 urtetik beheitikoak debalde sartuko dira, 16-22 urte bitartekoek 5 euro ordaindu beharko dituzte eta gainerakoek 10 euro.