Joaldunen Eguna ospatuko dute irailaren 23an Iturenen

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 21a, 10:00

Joaldunek urteroko hitzordua izanen dute larunbatean Iturenen.

Joare soinuez gain, Unai Agirre eta Aitor Mendiluze ariko dira bertsotan eta herri kirol saioa ere izanen da larunbatean

Aspaldiko ohiturari eutsiz, Iturengo joaldunak Zarauzko Euskal jaian aritu ziren eta beraien joare soinuak zabaldu zituzten besta handi horretan. Aitzinera begira, iraileko hirugarren larunbateko bestan joaldun kuadrilla gogotsu ariko da joareak astintzen.

Egitarau zabala

Ekitaldiz beterik izanen da aurtengoan ere Joaldunen eguna irailaren 23an. Larunbat goizeko lehen ordutik joaldunen joare soinuek eta herriko trikitilariek eta panderojoleek beraien ibilbidea eginen dute baserriz baserri eta herrian barrena. Eguerdi partean herri kirolak izanen dira herriko plazan, Arraioz eta Basaburuaren arteko norgehiagokarekin, proba konbinatuan. Segidan, Unai Agirrek eta Aitor Mendiluzek bazkaria baino lehen bertso batzuk botako dituzte. Karparen azpian herri bazkaria izanen dute. Gero, bertsolariak eta Andoni Mitxelena akordeoilariaren eskutik dantzan eta kantuan aritzeko aukera izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun