Haritz Sagaseta Urroz

«Kantari ona izateko musika maitatu eta pazientzia izan behar duzu»

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 9a, 08:00

Haritz SAGASETA URROZ, Donamariako musikaria eta kantaria

Kantari profesionala izatea du amets Donamariako gazteak eta kantu ikasketak egiten ari da Iruñeko kontserbatorioan. Gitarra ikasten ere aritu da eta irailean organo ikasketekin hasiko da.

Musika maite du, baina «bereziki kantatzea». Ttikitatik atsegin  izan du eta familiako bazkarietan euskal kantak eta mexikarrak kantatuz pasatzen zituzten momentu haiek omen dira horren jatorria. Hala dio Haritz Sagaseta Urrozek (Donamaria, 2004). Kantari profesionala izatea da bere ametsa eta poliki-poliki bere bidea osatzen ari da musika munduan. Iruñeko Pablo Sarasate Kontserbatorioan kantua eta gitarra ikasiz hasi zen, eta egun, kantuarekin segitzen du. Irailean organo ikasketak hasiko ditu eta Iruñeko Katedraleko abesbatzan ere ibiltzen da.

Zein klasetako musika gustatzen zaizu eta aditzen duzu? 

Haurra nintzenetik hainbat estilotako musika maite izan dut, baina musika ikasketak hasi nituenetik klasikoa izan da gehien erakarri nauena; Erdi Aroko musika erlijiosotik hasita, erromantizismo bukaerako konposatzaileetara. Kantaria naizenez, bereziki ahots musika gustatzen zait, baina instrumentala ere aunitz maite dut. 

«Sentitzen dudana hobekien adierazten dudan hizkuntza musika da»

Zer da musika zuretzat? 

Naturan dagoen komunikabiderik osoena eta ederrena da, pentsalari aunitzek erraten duten bezala, jaio aitzinetik bizitzaren azken unera arte laguntzen digun bakarra. Nire kasuan, sentitzen dudana hobekien adierazten dudan hizkuntza da. 

Normalean baino beranduago hasi zinen musika eskolan, 12 urterekin... 

Sei urte nituelarik Doneztebeko Agorreta Musika Eskolan sartu nahi izan nuen, baina ikasturte horretan ez zen talderik atera eta gibelera egin nuen. Solfeo ikasteak ere ez ninduen erakartzen eta 12 urtetatik aitzinera solfeorik gabe musika tresna ikasteko aukera izaten denez, hala hasi nintzen.

Solfeo ikasketak noiz egin zenituen? 

Kontserbatoriora sartzeko asmoa nuela erran nuenean, bi urtez, bakarkako klaseak eman zizkidaten musika eskolan. Kontserbatorioko sarrera proba prestatu nuen, eta kontserbatorioan sartuta, bertze bi urtez hizkuntza musikala ikasi dut. 

Musika eskolan gitarrarekin hasi zinen. Zergatik gitarra?

Egia erran, ez dakit seguru. Familiako bazkarien ondotik izebaren gitarrarekin jostetan aritzen nintzen eta beti erakarri nauen tresna izan da. Musika eskolan lau urtez ikasi nuen eta kontserbatorioan bi urtez. 

Iruñera Batxilergoa ikastera joandakoan, Pablo Sarasate Kontserbatorioan sartu eta gitarra eta kantuarekin hasi zinen... 

Bai, 2020-2021 ikasturtean hasi nintzen eta irailean laugarren mailan hasiko naiz. Gitarra joan den urtean utzi nuen.

Zer ikasi duzu kontserbatorioan? 

Sarrera probak egin nituenerako gitarra baino nahiago nuen kantua, baina biekin sartu nintzen, gitarra musika tresna bat izanik, musikaren bertze hainbat alde lantzeko aukera izanen nuelakoan. Eta hala izan da. 

«Kontserbatorioan gero eta aukera gehiago ditugu ikasitakoa kanpoan erakusteko eta horrek aunitz motibatzen gaitu»

Alde haundia dago musika eskolaren eta kontserbatorioaren artean?

Alde nabarmena sumatu nuen,  bai, eta deus baino lehen ikastetxearen neurrian. Ez dute deus ikustekorik herri bateko musika eskolak eta Nafarroa osoko kontserbatorio profesionalak. Horrez gain, nik kontserbatoriora joan aitzinetik taldeko klase bakarra nuen, Musika Hizkuntza bakarkako klaseetan hartu bainuen, eta horretan ere aldea sumatu nuen. Maila aldetik, ordea, ez nuen salto haundirik sentitu, ezta irakasleekiko tratuan ere. Uste dut lehen desberdintasuna nabarmenagoa izaten zela. Ikasleak gustura sentitzeko gero eta lan gehiago egiten dutela sumatzen da. Aldi berean, kontserbatorioan gero eta aukera gehiago ditugu ikasitakoa kanpoan erakusteko: kontzertuetan, erakun-
deekin elkarlanean ariz... Horrek aunitz motibatzen gaitu. 

Kantatzea ere gustukoa duzu. Musika eskolako abesbatzan hasi eta handik Elizondoko Abesbatza Ttikira joan zinen; ondotik Giltzarri abesbatzara. Egun Iruñeko Katedraleko Musika Kaperan ari zara... 

Kantatzea gustukoa dudala erratea gutti da, kantatzea maite dut. Kontserbatorioan sartu nintzen arte abesbatza horiek nire ahotsa lantzeko bide bakarrak izan ziren, eta denetan ikasi nuen. Doneztebekoan kantatzen nuen lehenbiziko aldia zen eta nire ahotsa pixka bat neurtzen lagundu zidan. Elizondoko Abesbatza Ttikian teknika pixka bat erakutsi ziguten eta musikal batean parte hartzeko aukera eman ziguten.Hor aurkitu nuen nire tokia eta horren bitartez operan lan egin nahi nuela erabaki nuen. Gerora, gizonezkooi eragiten digun ahots aldaketa izan nuen eta helduen abesbatzan sartu nintzen. Aunitz ikasi nuen: ahotsa gehiago kontrolatzeko lan egin dut, bereziki ahots aldatuarekin, errepertorio zailagoak eta handiagoak landu ditugu, kontzertu aunitz eman ditugu, taldean kantatzen ikasten aritu gara... Esperientzia politak bizitu ditut. 

Eta Iruñeko Katedraleko Musika Kaperan zein da zure egitekoa?

 Irailean sartu nintzen, eta gutti goiti-beheiti bertze abesbatzak bezalakoa da, baina lan egiteko modua hagitz diferentea du. Gehienetan elizatan egiten ditugu emankizunak, aunitzetan elizkizunetan parte hartuz. Horrek musikak historikoki funtzionatu duen bertze modu batean lan egiten erakusten dizu, eta gainera katedralean kantatzeko aukera izatea zirraragarria da. Bertzetik, kasu gehienetan, musika tresnekin kantatzen dugu eta horri esker aunitz ikasten ari naiz. Pixkanaka-pixkanaka bakarlari aritzeko aukera ere ematen didate eta ilusio handia egiten dit. Orain arte landu ez dudan errepertorioa lantzen dut, emaitza onak lortuz. Hagitz gustura sentitzen naiz taldean eta musikaren bertze arlo bat ezagutzen ari naiz. 

«Nire ametsa kantari profesionala izatea da»

Zein da kantari ona izateko sekretua? 

Faktore aunitz  dira, baina garrantzitsuena pazientzia izatea eta musika maitatzea dela erranen nuke. Musika ikastea ere gustatu behar zaizu, azken finean, bizi osoa ikasten pasatuko baituzu. Kantatzen ikasterakoan gauzak barneratzea aunitz kostatzen da. Izan ere, ez dugu musika tresna ikusten eta sentsazioen, ideia imajinarioen eta aditzen dugunaren arabera joan behar duzu ikasten. Gainera, ahotsa ezin duzu denbora luzez landu, nekatu eta mintzen ahal baituzu, eta horrek ere pixka bat etsitzen gaitu abeslariak.   

Kontserbatorioko kantu ikasleek hainbat emanaldi egin dituzue. Zer moduz joan dira? 

Denak hagitz ongi. Horrelako emankizunetan aunitz ikasten dugu, eta pixkanaka-pixkanaka esperientzia hartzeko baliagarriak dira. Niretako hunkigarriena Donamariako Dorretxean egin genuena izan zen. Abeslari lagunekin, nire herrian, Dorretxean,  kantatzeko aukera izatea hagitz polita izan zen. Gainera, herriko eta inguruko jende aunitz etorri zen, eta horrek aunitz hunkitu ninduen. Jendea kontent gelditu zen ikusitakoarekin, eta gu ere bai erantzuna ikusita. Segur aski errepikatuko dugu. 

Zein da zure egunerokoa?

Batxilergoa akitu nuenetik, musika ikasten eta horretan gozatzen ari naiz. Alemaniera eta italiera ere ikasten ari naiz, baina horretaz aparte, denbora guztia musikaren bueltan ari naiz: klasean edo nire gisa leituz, musika adituz, Interneteko artikuluak ikertuz, ariketak eginez, entseatuz, praktikatuz...

Musika sortu edo interpretatu. Zer nahiago duzu? 

Biak hagitz garrantzitsuak eta beharrezkoak dira. Historian ezin ederragoa den musika idatzi izan dute eta jenio haiek konposatutako obrak jo edo kantatzea ezinbertzekoa da. Bertzetik, musika sentitzen dudana hobekien adierazten dudan bitartekoa da, aunitzetan solasean adierazi ezin ditudan ideiak musika bidez ateratzen ahal ditut, gehienetan inprobisatuta; nahiz eta musika aldetik kalitate baxua izan, espresio ariketa bat da niretako. Musika sortzea ere ikaragarria iruditzen zait, buruan duzun ideia bat soinu bihurtzea sekulako ariketa da, eta horri buruz gehiago ikasi nahiko nuke. 

Irailean organo ikasketak hasiko dituzu kontserbatorioan... 

Etorkizunera begira hartutako erabakia izan da. Nire ametsa kantaria izatea da, eta kantariok, ikasten ari garelarik, normalean, tekladun musika tresna bat erabiltzen dugu. Historikoki tekladun instrumentuak garrantzi handia izan dute. Bertzetik, organoa betitik gustatu zait, hamaika modutan egiten ahal du soinua eta edertasun handiko tresna da, baita historia handiko instrumentua ere.

Sagasetak irailaren 11n hastekoak ditu organo ikasketak. 

Organo ikasketak egiteko exijentzia maila handia da? 

Sarrera proba ekainean egin nuen, eta irailean ikasketak hasiko ditut. Eta maila orain dela bi urte gitarra eta kantu ikasketak egiteko eskatzen zutena da, hau da, erdi mailako  proba. Prestaketa ez zitzaidan zaila iruditu, baina proba egiteko momentua urduritasun handikoa izan zen. Pentsatu guttienez urte oso bateko lana erakusteko aukera bakarra duzula. Lehenagotik hortik pasatua nintzen, baina hala ere, urduri jarri nintzen. Azkenean, hagitz emaitza ona lortu nuen.  

Zein da musika munduan arrakasta izateko gakoa?

Lehen erran bezala, musikarekiko maitasuna. Ordu aunitz dedikatu behar dizkiozu, eta bidean gozatzen ez baduzu, eta emaitzarekin bakarrik gelditzen bazara, agudo aspertzeko arriskua dago. Gaitasun pixka bat ere behar duzu, baina argi dago duzun hori lantzen ez baduzu, musikan etorkizuna izatea hagitz zaila dela. Lana gogor egin behar da, eta aunitzetan gauzak sakrifikatu. 

Epe motzera eta luzera begira zein dira zure helburuak? 

Epe motzean ahalik eta hobekien prestatu nahi dut. Iruñean urte gutti batzuk gelditzen zaizkit eta ondotik atzerrira joatea gustatuko litzaidake, irakasle on bat harrapatu eta berarekin ahotsa ahalik eta hobekien landu. Epe luzera, musikatik bizi nahiko nuke, nire ametsa kantari profesionala izatea da, baina ezinezkoa bada, irakasle edo musikarekin harremana duen bertze lan batean aritzea gustatuko litzaidake. 

Etorkizunean non ikusten duzu zeure burua? 

Espainiar Estatutik kanpo. Ez dakit seguru non, baina Alemania aldeak aunitz erakartzen nau, hango kulturak bereziki. Konposatzaile alemaniarrek egindako musika goi mailakoa iruditzen zait. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun