Buruz buruko erremonte txapelketaren finalerako pilotak aukeratu dituzte Juaneneak eta Ansa II.ak

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 7a, 09:00

Aritz Juanenea eta Imanol Ansa buruz buruko erremonte txapelketaren finalerako aukeratutako pilotekin. Argazkia: Maialen Andres

Buruz buruko erremonte txapelketaren final nagusiak azken koxka horretaraino inoiz ailegatu gabeko bi protagonista izanen ditu irailaren 9an: Ansa II.a eta Aritz Juanenea saldiastarra. Beraz, txapeldun eta txapeldunorde berriak izanen dira. Larunbateko hitzordu horretarako pilotak aukeratu zituzten asteazken eguerdian Galarretan.

Urnietarra eta saldiastarra gustura gelditu ziren bereizitako materialarekin. Finalerdiaren aldean, pilota biziagoak hautatu zituen Juaneneak. Ansa II.ak ere pilota bizi xamarrak aukeratu zituen. Bi erremontistentzat beraien ibilbideko partidarik garrantzitsuena izanen da larunbatekoa. «Denek jokatu eta irabazi nahi dugun partida da, txikitatik amets egin dudana» zioen Ansa II.ak. «Oso berezia da, oso motibatua eta zentratua aterako naiz».

Aurrelari urnietarrak gogoratu zuen Juaneneak lau final irabazi dituela 2023an eta beretzat ez da sorpresa saldiastarra finalean izatea.

Juanenea pilotak probatzen.

Juanenea: «Aukera bikaina daukagu eta aprobetxatu nahi dugu»

Aritz Juanenea ere kontent zegoen aukeratutako pilotekin. Barrenetxearen kontrako finalerdian baino pilota biziagoak aukeratu zituen, bertze taktika batekin jokatuko duelako: «Tantoak laburtzen saiatu behar dut, arriskatu, Ansa piloteoan oso ona delako, fisikoki oso ona. Bera da faboritoa, zuzenean ailegatu da finalera eta ligaxkan egurra eman zidan. Nik ongi jokatu nuen finalerdia, baina Imanolek ere ederki jokatu du txapelketa osoa, Barrenetxearen kontrako partidaren lehen zatia izan ezik. Ansa izanen da faborito eta presio hori izanen du eta nik ere presio hori sartu nahi diot, baina faboritismoek ez dute txapelketarik irabazten. Beraz, finala hasi baino lehen % 50ean gaude».

Juaneneak garbi du, beraz, ez zaiola partida luzatzea komeni: «Fisikoki zezena da Ansa eta aurrelaria, gainera. Oso konpletoa da eta tantoak luzatzen baldin badira, bere alde eroriko dira. Beraz, nik hartu behar dut ekimena eta tantoak laburtzen saiatu».

Finala hurbildu ahala urduritasunak ere azalduko direla uste du, «baina momentuan lasai nago eta gustura». Malerreka aldetik ere lagun eta zale aunitz hurbilduko dira Galarretara, «finalerdiaren bikoitza. Haiek ere kontent eta motibatuak daude».

Beraz, larunbatean, berriz ere Nafarroa eta Gipuzkoaren arteko finala errepikatuko da, baina protagonista berriekin: «Azken urteetan Urriza eta Barrenetxea izan dira protagonista, aurten txapeldun eta txapeldunorde berriak izanen gara eta hori baloratu behar da. Imanol finalean izatea ez da sorpresa, Master txapelketa ere irabazi baitzuen. Nik, finalera ailegatuta, helburua bete dut, txapelketa hasi zenean ez nuen finalera ailegatzea espero, baina behin hemen naizela, ez naiz pasiatzera aterako. Egun handia izanen da biontzat eta gozatzen saiatuko gara. Hori lortzen badugu, final eerra ikusiko da. Biok aukera handi baten aurrean gaude eta aprobetxatu nahi dugu».

Aurten lau final jokatu eta irabazi baldin baditu ere, Juanenearentzat ere final berezia izanen da: «Lehenagotik ere binakako finala jokatu nuen, baina honek beste handitasun bat dauka. Buruz burukoaren finala da erremontista guztiok jokatu nahi dugun partida».

Ansa eta Juanenea, buruz buruko txapeldun izandako erremontista batzuekin. Argazkia: Maialen Andres

Txapeldunen bazkaria

Galarretan eguerdian egin zen pilota aukeraketara hurbildu ziren buruz buruko erremonte txapeldunak izan diren erremontista batzuk. Ondotik, dagoebeko tradizioa bihurtu den txapeldunen bazkaria izan zuten Hernaniko Fagollaga jatetxean. Bertzeak bertze, Urriza, Barrenetxea, Eizagirre, Mujika, Intxauspe eta Elizalde izan ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun