Doneztebeko Arantzoko elkarteak 25. Urteurrena ospatu du asteburuan. Ospakizunak ortziralean hasi ziren, hildako bazkideen omenez egindako meza batekin. Irailaren 2an, larunbatean, elkartearen atean dantzatutako aurresku batekin hasi ziren ekitaldiak, Segidan, herriko argazki zaharren erakusketa ikusteko aukera izan zuten. Ondotik, Andres Etxenike presidenteak elkartearen historia aurkeztu zuen laburki. Ospakizunarekin segitzeko bazkari bat egin zuten elkartean bertan.
1998ko ekainean ireki zuten elkartea
Arantzoko elkarte gastronomikoa 1997an hogei lagunek osatutako talde batek antolatutako ekimena izan zen. Behin lokala erosita eta urtebeteko ilusioaren eta auzolanaren ondotik, 1998ko ekainean elkartea errealitate bat izan zen. Lokal horretan, beheko solairuan elkarte gastronomikoa, eta kanpoko aldean lorategi ttiki bat eta bi erretegi ditu, lehen solairuan erabilera anitzeko gela eta bulegoak daude.
25 urte hauetan aunitz izan dira bazkariak, topaketak, bestak eta elkarte honetan bizi izan diren momentu onak. Kuadrillek, familiek, erakundeek... lokal hauek erabili dituzte ekitaldiak ospatzeko: bestetako zopak, inauterietako bazkariak, matatxerriak, kontuak.... 25 urteko Arantzokoren historiak gauza aunitz egiteko aukera eman du.
25 urte hauetan elkarte honek Donezteberako eta Malerrekarako baliabide ere izan da. Elkarte gastronomikoa hainbertze erakundek erabili dute bestak edo ekitaldiak antolatzeko: Burrunba elkarteak, bertsolarien afariak, Emakumeen Elkarteko sukaldaritza ikastaroak, Erreka eguneko afariak eta gazteek antolatutako inauterietako afariak, bertzeak beste. Era berean, erabilera anitzeko aretoa utzi izan da Doneztebe Futbol Taldearen, Ehiztarien Elkartearen eta bertze talde eta erakundeen bileretarako.
Gaur egun, 18 bazkide fundatzailek eta lokal gastronomikoa erabiltzeko eta gozatzeko eskubidea duten 43 onuradunek osatzen dute elkartea eta beraiek diotenez, «Arantzoko elkarteak Doneztebe eta inguruko bizilagunentzako topaleku izaten jarraitu nahi du, beste 25 urterako behintzat!».
Eskerrak eman nahi dizkiete, era berean, «hainbertze urtetan loka hauek gurekin partekatu duzuen guztioi».