Lehen aldiz buruz buruko erremonte txapelketaren finala jokatuko du Aritz Juaneneak

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 4a, 10:00
Juanenea pilota astintzen eta Barrenetxea erne larunbateko finalerdian. Saldiastarrak partida bikaina egin eta buruz buruko finalerako txartela lortu zuen lehen aldiz. Argazkia: Maialen Andres

Saldiastarrak 21-30 irabazi zion Barrenetxea IV.ari finalerdian eta Ansa II.a izanen du esperoan finalean

Buruz buruko erremonte txapelketako finala jokatuko du lehen aldiz Aritz Juanenea saldiastarrak. Larunbatean Galarretan jokatutako finalerdian 21-30 irabazi zion Endika Barrenetxeari. Irailaren 9ko finalean Ansa II.a izanen du esperoan saldiastarrak. Bientzat lehen aldia izanen da final handian, beraz, txapeldun berria izanen da.

Larunbateko finalerdiak bi zati arrunt ezberdin izan zituen. Lehenbizikoan sakeak eta errestoak garrantzi handia izan zuten eta piloteo gutti ikusi zen. Berdintasun handia izan zen hasiera horretan, bana, hiruna, launa, bosna, bederatzina eta hamarnako berdinketekin, baina hernaniarrarena zen ekimena. Honela, 18-14 aurretik jarri zen Barrenetxea, baina hurrengo tantoak aldatu zuen partidaren norabidea. Barrenetxeak dominatu zuen, baina Juaneneak defentsa bikaina egin eta tantoa lortu zuen. Konfiantza hartu zuen saldiastarrak eta lau tanto segidan egin zituen sakearekin, 18-19 aurretik jartzeko. Baina sakeaz gain, pilotakada bikainak eman zituen eta Barrenetxeak, aldiz, beheiti egin zuen. Juaneneak 3-16ko partziala egin zuen azkenean, finalerdia 21-30 irabazteko eta finalerako txartela lehen aldiz eskuratzeko.

Juaneneak Malerrekatik hurbildutako zaleen eta lagunen babesa ere izan zuen. Partida bikaina jokatu zuen, hamar tanto egin zituen sakez eta 17 piloteoan. Barrenetxeak ez zuen akatsik egin piloteoan, baina hiru saketan falta egin zuen. Bortz tanto egin zituen sakez eta 13 piloteoan.

Malerrekatik hurbildutako zale eta lagunen babesa izan zuen Juaneneak finalerdian.

Aipatu bezala, Aritz Juaneneak lehen aldiz jokatuko du erremonteko buruz buruko txapelketaren finala, Ansa II.aren kontra. Aurten egin duen denboraldi bikaina borobiltzeko modu polita izanen da. Izan ere, Saldiaskoak, binaka, Sagardoaren txapelketa, Erremontari Herriz Herri, Jai Alai Summer Season eta Zarauzko erremonte txapelketak irabazi ditu. Buruz burukoa izanen litzateke handiena eta horretan saiatuko da larunbatean Galarretan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun