Beraz garbi dago bi erremontisten estrategiak ezberdinak izanen direla finalerako txartelaren bila. Barrenetxeak adierazi zuenez, «pilota biziagoarekin erosoago aritzen naiz kantxan, bai sakean baita piloteoan ere. Berak motelagoak eta azpitik ibiltzen direnak aukeratu ditu. Pilota horiekin tantoak luzatu egiten dira eta arriskutsua izan daiteke».
Juanenea: «Hanketik erabat osatua nago eta konfiantzarekin»
Barrenetxeak aukeratutako hiru pilotak biziak zirela ikusitakoan pilota idorragoen hautua egin zuen Juaneneak. «Ez dago tarteko pilotarik eta bakoitzak bere interesak zaindu behar ditu. Kontent nago aukeraketarekin». Hil ala biziko partida hauek gogoko ditu saldiastarrak, «tentsio gehiago dago eta bakar-bakarrik 30 tantora ailegatu eta irabazi nahi duzu. Zaila izanen da, baina hasi aurretik %50ean gaude. Finalera ailegatzea izugarria litzateke eta onena ematen saiatuko naiz. Hanketik erabat osatua nago eta konfiantzarekin. Azken lau urteotan ongi jokatu dut buruz buru eta urte ona daramat. Endikaren kontra ere hainbat aldiz jokatu dut azken urteetan, 2020an irabazi nion partida bat eta iaz 30-29 galdu nuen. Piloteoan eustea lortzen badut, jokua aldatu eta arriskatu eta asmatzen badut, irabazteko aukera izan dezaket».