Sunbillan ere ederki ospatu dituzte herriko bestak - Malerreka - Erran.eus
Bestak 2023

Sunbillan ere ederki ospatu dituzte herriko bestak

Ttipi-Ttapa 2023ko abu. 14a, 17:00

Gaur bukatuko dira Sunbillako bestak, eta ekitaldi ugari egin dituzte herritarrek azken egunotan.

Argazkiak: Maider Petrirena eta Jontxu Anzizar. Testua: Maider Petrirena.

Ortzegunean indarrez hasi ziren herriko bestak, frontoian elkartu zen jendetzarekin herri kirol desafioa ikusteko: baserritarrak herritarren aurka. Ezin berdinduago joan zen saioa eta azkenean baserritarrek irabazi zuten. Altxaferoa bota baino lehen, Amets Inda alkateak kartel lehiaketan irabazleak izan direnei sariak banatu zizkien. 14 urtez azpikoen irabazlea Oihan Iriarte izan zen eta 14 urtetik goitikoetan, berriz, Iraide Iriarte. Zorionak bikote!

20:00etan herriko etxetik suziria bota zen; aurten Jubilotekan parte hartzen duten kideek ohore ederra izan zuten altxaferoa botatzeko. Konkretuki, herriko adinduena, Frantxiska Iriarte, izan zen hitz batzuen ondotik suziria piztu zuena. Frontoian parte hartu eta prestaketa lanetan ibili ziren gazte guztiei eskerrak aunitz beti ere horrelako prestutasuna erakusteagatik. Jubiloteka zerbitzua gure herrian izatea lortzen duten taldeari ere eskerrak aunitz!

Santiburtzio egunean goizetik Elizondoko gaiteroen eskutik Dianak aditzeko aukera ederra izan genuen. Ondoren dantzari, gaitero eta txistulariek udaletxeko kide eta abadeak elizaraino lagundu zituzten. Meza nagusian herriko abesbatzak kantatu zuen eta akitutakoan dantza emanaldi polita eskaini ziguten. Ondotik urtero bezala luntxa izan zen.

Arratsaldean, igerileku ondoko belaian, zartagin eta Aitzur jaurtiketa izan zen. Segidan, muxikoak dantzatzeko aukera izan zen, jarraian tortilla patata eta postre lehiaketa. Gutti animatu baziren ere lehiaketan parte hartzera, etorkizun ederra dagoela ikusi zen. Patata tortilla lehiaketaren irabazlea Anita izan zen, bigarrena Santiburtzio tortilla eta hirugarrena Mendaur tortilla. Azken bi tortilla hauek 11-12 urte bitarteko gaztetxoek egindakoak ziren. Epaimahaia Edurne Urrozek, Jesus Mari Jorajuriak eta Agurtzane Zubietak osatu zuten. Postre lehiaketan ere parte hartze eskasa baina gozoa. Irabazlea Ane Etxalar izan zen, bigarrena Jose eta hirugarrena Maite Berasategi. Ondoren pintxo jatea eta sagardo dastatzea izan eta giro bikainean bukatzeko suzko zezena Harbizti auzoan ibil zen eta herriko plazan kontzertuak izan ziren goizean goiz bitarte

Larunbatean herriko bost neska gaztetxoak trikitixa joz goizari alaitasunez hasiera eman zioten. Goiz erdian erraldoi eta buruhandiek ere saio ederra eskaini zuten. Eguerdian, guraso elkarteak antolaturik, bazkaria egin zuten eliza atarian eta ondotik apar besta izan zuten Harbiztin. Arratsaldean pilotaz gozatzeko aukera izan zen, a ze nolako bi partida! Biziraun taldearekin musika izan genuen arratsalde eta gauez.

Igandean txistulariek herriari buelta eman zioten goizari hasiera emanteko. 10:00etan X. Goitibehera jaitsiera ospatu zen giro ezin hobean. Lau aldiz jaitsiera bera egin zuten eta denborarik baxuena egin zutenak izan ziren txapeldun: Andoni Espeloin eta Beñat Iriarte lehenbiziko, Zeztenak bigarren eta Aimar eta Liher Lastiri anaiak hirugarren. Joanes Bertiz parte hartzaile gazteenari ere kopa polit bat eman zioten. Eskerrak eman parte hartzaileei eta baita antolakuntzari ere, berriz ere goitibehera jaitsiera hau berreskuratu eta horrelako giroa lortzeagatik. Honez gain, tren txutxua herritik bueltaka ibili zen egun guztian. Peñen bazkaria ere izan zen, baita ura ura ere, txarangak alaiturik.

Ilunabarrean, Ramon Latasa Sariaren XX. edizioa izan zen. Donato Larretxeari edizio guztietan parte hartzeagatik eskertza egin zitzaion eta Ainhoa Etxebeste eta Janire Apeztegia ama-alabak bertso politak abestu zizkioten. Javier Agirrek plaka bat eman zion eta Antton Espelosinek txapela. Ondoren emanaldiari hasiera eman eta 630 ikusleek gozamen ederra hartu zuten. Gauean berriz ere suzko zezenaren txanda izan zen. Akitzeko, DJ J&Jk goiz arratsaldez plaza musikaz girotu zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!