Doneztebe B izan da Baztan-Erreka Gaztetxoen Laxoa Txapelketako irabazlea

Ttipi-Ttapa 2023ko abu. 14a, 11:00

Oizen jokatu dute finala asteburu honetan eta Doneztebe B taldea Iruritari nagusitu zaio partida polit batean

Laxoko Final Nagusiak jokatu zituzten joan den asteburuan Oizko plazan, eta aste honetan 12-15 urte bitartekoen txanda izan da. Laxoa Elkarteak azaldu duenez, «txapelketa arras polita jokatu da orokorrean. Doneztebeko bi talde eta Irurita eta Arraiozko talde bana aritu dira, lau talde guztira. Doneztebe eta Iruritako gaztetxoek dagoeneko urte batzuk daramatzate txapelketa hau jokatzen, baina arraioztarrek lehen urtea izan dute».

Finalean Doneztebe B eta Irurita izan ziren protagonistak, «eta sekulako partida polita egin zuten, aunitzen erranetan, nagusiena baina politagoa!». Doneztebe B taldea izan zen garaile, 9-7ko markagailuarekin, baina partida guztian zehar berdintasuna izan zen nagusi: 1-1, 5-2, 5-5, 7-5, 7-6, 8-6, 8-7 eta 9-7. Doneztebe Bn Jon Larunbe, Ibai Elizondo, Iker Anzizar eta Javier Zabala izan ziren jokalariak. Iruritarren taldea, berriz, Julen Elizainzin, Aitor Ripa, Eneko Irazoki eta Oihan Arraztoak osatu zuten.

Finalaren aitzinetik, 3. eta 4. postuak erabakitzeko partida ere jokatu zuten eta Doneztebe A 7-1 gailendu zitzaion Arraiozko taldeari. Doneztebeko taldea Lander Arozena, Ekai Elorza, Lukas eta Koteto Ezkurrak osatu zuten eta Arraiozko taldea Igor Viela, Gaizka Zubieta, Jon Villanueva eta Mikel Iñarreak (Arraiozko taldean ordezko jokatu zuen partidu honetan iruritarrak).

Luntx eder batekin akitu zuten eguna, eta sari banaketan Oizko zinegotzia den Rakel Ariztegi eta Laboral Kutxako Leire Erice ibili ziren.

Rakel Ariztegi Oizko zinegotzia eta Laboral Kutxako Leire Erice ibili ziren sari banaketan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun