Hogeigarren edizioa beteko du Ramon Latasa Sariak abuztuaren 13an Sunbillan

Ttipi-Ttapa 2023ko abu. 10a, 09:00
Lehengo, oraingo eta etorkizuneko aizkolariak bilduko ditu Ramon Latasa Sariaren hogeigarren edizioak igandean Sunbillan.

22 kirolari lehian ikusteko aukera izanen dute eta Donato Larretxeari omenaldia eskainiko zaio igandean 19:00etatik aitzinera

Ramon Latasa Sariaren hogeigarren edizioa jokatuko da abuztuaren 13an, igandean19:00etan Sunbillako pilotalekuan. Aurtengoa jaialdi handia eta berezia izanen da, eta bertan 22 kirolari arituko dira lehian. Antolatzaileak ahalegin berezia egin dute eta lehengo, oraingo eta etorkizuneko kirolariak lehiatuko dira.

Ramon Latasa, aizkolari handia izandakoaren oroimenez antolatzen den lehiaketan lau bikote hauek arituko dira: Iker Vicente eta Hodei Ezpeleta Bihurri, Mikel Larrañaga eta Ugaitz Mugertza, Julen Alberdi Txikia IV.a eta Jokin Urretabizkaia Basozabal eta Eneko Otaño eta Ibai Soroa. Bikote bakoitzak hamar kanaerdiko eta sei 60 ontzako moztu beharko ditu.

 

Erakustaldiak

Erakustaldi moduan, jendeak aukera izanen du aizkolaririk zaharrena eta gazteena aizkoran ikusteko: Patxi Astibiak (80 urte) kana-erdiko enbor bat moztuko du eta Jakes Iruretagoiena Izeta V.ak (15 urte) 45 ontzako enbor bat. Ekitaldi berean aizkolari beteranoen arteko desafio berezia izanen da. Alde batetik, Donato Larretxea eta Antonio Jaunarena; bertzetik, Jose Ugarteburu eta Juan Jose Lopezek neurtuko dituzte indarrak. Bikote bakoitzak seina enbor moztu beharko ditu: lau kanaerdiko eta bi 45 ontzako.

Ikusleek emakumeen arteko aizkora lehia ikusteko aukera ere izanen dute. Aurtengoa bigarren edizioa izanen da. Nerea Sorondo eta Uxue Ansorregi;  Nerea Arruti eta Maika Ariztegiren aurka ariko dira. Bikote bakoitzak 45 ontzako bost enbor moztu beharko ditu.

Aizkoran ez ezik, harri-jasotzean ere izanen da lehia, punta-puntako harri-jasotzaileak nor baino nor gehiago arituko dira bikoteka. Alde batetik, Mikel Lopetegi Urra eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a, eta bertzetik, Jokin Eizmendi eta Paulo Azpiazu. Hiru minutuko bi txanda eginen dituzte bi harri erabiliz; 113 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola.

 

Donato Larretxeari omenaldia

Azkenik, omenaldi ttiki bat eginen zaio Donato Larretxea aizkolari handiari, Ramon Latasa Sariko hogei jaialdietan parte hartu duelako, urte bakar bat ere galdu gabe.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun