Buruz buruko 41. erremonte txapelketan aritzeko kanporaketa jokatu beharko du Juaneneak

Ttipi-Ttapa 2023ko abu. 2a, 13:00

Buruz buruko erremonte txapelketan lehiatuko diren sei erremontistetatik bortz izan ziren asteartean Chillida Lekun egindako aurkezpenean. Ansa II.a falta zen. Argazkia: Maialen Andres

Bihar Azpiroz eta Larrañagaren artean jokatuko duten partidaren irabazlearen kontra ariko da saldiastarra larunbatean eta irabazlea Ansa II.a, Barrenetxea IV.a eta Urrizarekin ariko da ligaxka

Chillida Lekun, Hernanin, Galarreta frontoitik gertu aurkeztu zuten abuztuaren 1ean 41. Buruz Buruko Eusko Label erremonte Txapelketa. Urteko txapelketarik garrantzitsuena da eta aurten babesle nagusia aldatu da. Eusko Label izanen du izena txapelketak.  Sei pilotarik jokatuko dute eta bihar, abuztuak 3, hasiko da, aurreligaxka, Galarretan. Bertan, Azpiroz eta Larrañaga lehiatuko dira nor baino nor gehiago eta Juanenea izanen du zain irabazleak larunbatean. Larunbateko garaileak ligaxkarako sailkapena lortuko du eta bertan Ansa II.a, Barrenetxea IV.a eta Urriza, txapelduna, gehituko dira txapelketara.

Ligaxkan denak denen aurka jokatuko dute eta lehenengo postuan sailkatzen den pilotaria finalera sailkatuko da zuzenean. Bigarren eta hirugarren sailkatuek finalerdia jokatuko dute eta laugarren sailkatua kanporatua izanen da.

Ligaxkan sei partida jokatuko dituzte: abuztuaren 10ean, 12an, 17an, 19an, 24an eta 26an. Finalerdia irailaren 2an jokatuko dute Galarretan eta finala irailaren 9an izanen da. 
Ligaxkako sailkapena puntuazio sistemak erabakiko du. Partidak 30era izanen dira eta garaileak lau puntu lortuko ditu, 29tik 27 tantora egiten dituenak bi puntu lortuko ditu, 26tik 24 tantora egiten duenak puntua eskuratuko du, 23tik 17 tantora ez da punturik lortuko eta 16 edo tanto gutxiago egiten dituenak puntu negatiboa izanen du. 
Bi erremontisten artean berdinketa balego beraien arteko partidaren irabazlea sailkatuko da aitzinetik. Hiru edo lau erremontistek berdintzan badute tanteo globala hartuko da kontuan. 
Partidu guztiak Galarretan izanen dira eta lehenengo partida, bihar, ortzeguna 16:30ean hasiko den jaialdian jokatuko dute Azpiroz eta Larrañagak. Irabazlearen esperoan izanen da larunbatean Juanenea.

Aritz Juanenea buruz buruko erremonte txapelketaren aurkezpenean, abuztuaren 1ean Hernaniko Chillida Lekun.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun