Bestak 2023

«Herria herritarrona den heinean, gure parte hartzea beharrezkoa da»

Ttipi-Ttapa 2023ko abu. 5a, 09:00

Donamariako 28 urteko gaztea da Naiara Aizpuru, Antsoainen gizarte hezitzaile gisa lan egiten duena. Mendia eta bertan egin daitezkeen kirolak ditu gustuko, baita denbora liburu artean pasatzea eta lagunekin elkartzea ere. Eta «nahiz eta errespetu dezenterekin», udalean sartzera animatu da hurrengo lau urteetarako.

Udal taldean

Azaldu duenez, «beti izan dut burutan noizbait udalean sartuko nintzela, herritar bezala hortik pasa behar edo nahi nuela. Ez dut hagitz argi bien artean zein den erantzuna: behar edo nahi». 

Hala ere, aurten aukera sortu zaio «eta nahiz eta nire momentua ez zela sentitu, banekien behin ere ez zela momentu guztiz egokia izanen eta aitzinera egitea erabaki nuen. Herrian, behar izan denean, parte hartu dudala sentitzen dut, eta hau hurrengo pauso bat bezala ikusi dut beti».

Izan ere, «herria herritarrona den heinean, gure parte hartzea beharrezkoa da. Modu batean edo bertzean parte hartzean, ekintzei bertze bulkada bat ematen zaie. Herritarrok inplikatzeak eta egiten ditugun gauzetan sinesteak, lortu nahi ditugun helburuak modu erraz eta eraginkorrago batean lortzera eramaten gaituzte».

Alkateorde

Bi hilabete pasatu dira udal berria sortu zenetik, «beraz, martxa hartzen hasi bertzerik ez dugu egin. Oraingoz bi udalbatza egin ditugu, eta hiru hilabetetik behin elkartzea adostu dugu. Bitartean, erantzuna eman behar zaizkien kontuak lotzeko beharrezko bilerak eginen ditugu, herriko bestetako egitaraua eta lan banaketa egiteko, adibidez». Honez gain, «korreoz eta mugikorrez ere harremanetan gaude, beharren arabera eta ahal dugun moduan».

Zinegotzi ez ezik, Donamariako alkateorde izendatu dute: «hitzak berak dioen moduan, alkatea ez dagoenean aitzinera eraman beharreko papera da, baina oraingoz ez zaidanaz bera gabe egotea tokatu, ezin dut izendapen horrek daukan egiazko lanaz solastatu». Hala ere, «ikusiak ikusirik, kargua aitzinera eramatea tokatzen bazait, seguru nago lan eta erantzukizun gehiago inplikatuko duela. Baina taldean jende gehiago egonik, ez dut dudarik ahalik eta modu hoberenean eramanen dela».

Herria hobetu nahian

«Herria mugimenduaren falta» nabaritu du Donamarian denbora batetik honat, «behar denean hor gaude, baina hortik haratago, herrian gauzak egiteko grina falta dela sumatzen dut, ni barne. Presaka eta martxa automatikoa sartuta bizi gara, gure kontuetan sarturik, eta horrek gure egunerokotasunetik edo erosotasunetik kanpo dauden ekintzak egitea zailtzen du».

Hala ere, «aitzineko udal taldea mugitua ikusi dut, eta gauza berriak egin dituzte. Kultura aldetik aunitz mugitu da afera, bertze hainbertze gaiez aparte, eta herritarrak biltzeko aukera eman du».

Agintaldi berriari begira, «ildotik segitzea» dute helburu, «herritarrak aditu eta herriari behar den aldetik bulkada ematea. Herriko kontuak txukun eraman nahi ditugu eta herria bizirik mantentzen saiatu».

Bestetarako prestatzen

Donamariako eta Gazteluko bestak antolatzeko ardura ere taldearen gain dago. «Talde lana funtsezkoa da, eta udalaz gain herritarrak ere inplikatzen badira, denon artean lana banatzeak eta komisioka aritzeak antolakuntza aunitz errazten du, denbora aurrezteaz gain». Horretarako, denborarekin hasten dute antolakuntza: «otsailerako, aunitz jota, musika taldeak bilatzen saiatzen gara eta hori izanda, aitzineko urtetik hurrengora lotuak uzten diren gauzak ditugu, baita lasaitasun gehiagorekin egiten ditugunak ere».

Lana egiteko ez ezik, ospatzeko egunak dira bestak. Hala ere, bereziki bestazalea ez dela aitortu du Aizpuruk; «badaude galdu nahi ez ditudan besta puntualak, baina hortik kanpo, bestaz barraren gibelean pasatu dut denbora gehiago bezero bezala baino».

Dena den, «herriko bestak beti dira momentu seinalatua eta gustura hartzen da herriko lagunekin aste berezi bat pasatzeko aukera». Azaldu duenez, «gazte egunari gero eta gustu gehiago hartzen ari naiz; denon artean otordua prestatu, gazte jokoak egin… hala ere, herri bazkaria da gustukoen dudan eguna, adin guzietako jendea elkartu eta sortzen den giroa arront berezia izaten delako».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun