Bestak 2023

«Aitak transmititu zigun trikitixarako zaletasuna»

Ttipi-Ttapa 2023ko abu. 2a, 10:00

Beintza-Labaiengo trikitilari gaztea da Joana Estanga, eta trikitixaz eta herriko bestei buruz aritu da TTIPI-TTAPArekin

Nola definituko zenuke zeure burua?

Beintza-Labaiengo neska jatorra eta lasaia.

Zein dira zure zaletasunak?

Gauza aunitz gustatzen zaizkit: irakurtzea, bidaiatzea, janariak prestatzea, trikitixa jotzea, igeri egitea…

Noiz hasi zinen trikitixa jotzen?

Zortzi urterekin hasi nintzen, herrian bertan hartzen genituen klaseak. Aitak transmititu zigun zaletasuna, oroitzen naiz egun batean atautxi zenaren trikitixa ekarri zidala eta ikasteko grina sortu zitzaidan.

Zein da gehien gustatzen zaizun trikitilaria?

Gaur egunekoen artean, Julen Alonso oriotarra asko gustatzen zait.

Herriko bestak izanen dituzue laster. Gogotsu?

Bai, bestazalea naiz eta herriko bestak beti bereziak izaten dira. Asko disfrutatzen ditut.

Bestetan trikitixa jotzen duzu herrian?

Bai, normalean beti karrika erronda egin izan dugu. Nahiz eta azkeneko hiru edo lau urteetan ez garen aritu, aurten berriz taldetxo bat osatu dugu eta besta bezperan aterako gara.

Zein da ttikitatik duzun lehen oroitzapena bestetan?

Goiz-goizetik hasten ginen txistularien atzetik karrika erronda egiten, eta gero gehien disfrutatzen nuena haurren jokoak izaten ziren: puzgarriak, kart-ak…

Eta gaur egun zein da gehien gustuko duzun eguna edo jarduera?

Gaur egun gehien disfrutatzen dudan eguna astelehena izaten da, herri bazkaria, sekulako giroa izaten baita. Ostirala ere, lehenbiziko eguna izanik, gogoarekin hartzen dut beti.

Zein berezitasun dute Beintza-Labaiengo bestek?

Herri berezia gara; bi auzotan banaturik gaudenez, egunak txandatuz joaten gara. Egun batean Beintzan izaten da besta eta hurrengo egunean Labaienen.

Zein dira zure asmoak epe motzera?

Lana dela eta, egonkortze lehiaketa zein oposizio prozesuarekin gabiltza aurten, beraz, horixe gainditzea dut helburu.

Eta epe luzera?

Ez dut horretan sobera pentsatzen, denborak erranen du!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun