Jose Mari Garrido

«Transplantearengatik ez balitz aspalditik ez nintzen hemen izanen»

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 22a, 08:00
Garrido Elgorriagako Kapallenea etxeko atean. Sortzez elbetearra da, baina 65 urte daramatza Elgorriagan bizitzen.

Jose Mari GARRIDO MARTINEZ, gibeleko transplantatua eta Atehna elkarteko kidea

Duela hiru bat hamarkada diagnostikatu zioten B hepatitisa Garridori. «Arrunt larri» egon zela dio, baina gibeleko transplantea egin ziotenetik ez du arazorik izan. Organo emaile egiteko deia egin du.

Heldu den urrian 87 urte beteko ditu Jose Mari Garrido Martinezek (Elbete, 1936). Baina duela hiru hamarkada baino gehiago gibeleko arazoekin hasi zenean, inork guttik espero zuen halakorik. Hala dio berak. B hepatitisa diagnostikatu eta beltz paratu zioten etorkizuna. Baina gainditu du eta aitzinera egin du. Bi urtez egon zen gibeleko transplantea egiteko itxaron zerrendan eta duela 25 urte transplantea egin zioten. Geroztik «zorrotz eta zehatz» egin omen die medikuaren erranei kasu, eta ez du gibeleko arazorik izan. 86 urterekin, bakarrik bizi da Elgorriagako Kapallenea etxean. Sortzez elbetearra izanagatik, azken 65 urteotan horixe du bizileku eta ederki baliatzen da bere buruaz. Baratzean ariz, etxeko balkoietan, leihoetan edo etxeko atarian dituen lore ederrak zainduz, tarteka paseotxoak emanez... Halaxe pasatzen du egunerokoa.

Noiz hasi zinen gibeleko arazoekin?

Orain dela 30 urte baino gehiago. Guttienez, 35 urte pasatu izanen dira gibeleko arazoekin hasi nintzenetik. Mediku azterketa baten bidez jakin nuen gibeleko arazoak nituela, eta mediku partikular batengana joaten hasi nintzen. Hepatitisa nuela erran zidan eta tratamendua paratu zidan. Akitutakoan, arrunt sendatua nengoela erran zidan medikuak, baina ez zen hala izan. Denboraldi batera, Narbarten, arrebaren etxean, nengoela, arrunt-arrunt gaizki sentitzen hasi nintzen. Koinatua zenak hildako baten aurpegia nuela erran zidan. Gaizki jarri nintzen, eta medikuari deitu zioten. Segidan Iruñera bidali ninduten, orduko San Frantzisko Klinikara. Han nintzela, ahotik odola botatzen hasi nintzen, ikaragarria izan zen eta Nafarroako Unibertsitatea klinikara eraman ninduten. Arrats hartan bertan medikuak arrebari handik ez nintzela aterako erran zion, arrunt-arrunt larri nengoela. Baina atera nintzen. Eman zidaten tratamenduarekin aitzinera egin nuen. Hilabete eta gehiagoz egon nintzen ospitaleratua, tratamendu gogorra eta zorrotza paratu zidaten eta nahiko ongi errekuperatu nintzen.   

Zein izan zen diagnostikoa? 

Gibeleko arazoekin hasitakoan ibili nintzen mediku partikularrak, hepatitisa nuela jakinarazi zidan, baina zein motatakoa zen zehaztu gabe. Nafarroako Unibertsitatea klinikan baieztatu zidaten B hepatitisa nuela; C hepatitisa okerragoa da. Urte batzuez tratamendua paratu zidaten, gibeleko transplantea egiteko prest nengoela erran zidaten arte. Hura zen soluziorik hoberena. Transplantea egiteko prestatu ninduten, baina horretan ari zirela, eskuineko belarrian infekzioa nuela konturatu ziren eta horrekin ezin zidaten transplantea egin. Infekzio hori sendatzeko bertze ebakuntza bat egin zidaten.  

«Nekea sumatzen nuen, baina sukarrik edo bertze sintomarik ez nuen»

Hepatitisa gaixotasun isila dela erraten da... Zuk ere hala deskribatuko zenuke?

Bai, bai, arrunt isila. Nik ere ez nekien deus, analisi batzuk egin eta hepatitisa nuela erran zidaten arte. Nekea sumatzen nuen, baina sukarrik edo bertze sintomarik ez nuen. 

Zenbat denboraz egon zinen itxaron zerrendan?

Bi urte pasatu nituen. Tarte horretan belarriko ebakuntza egin behar izan zidaten. Bi urteren ondotik, goizalde batean niretako gibela bazutela erranez deitu zidatela oroitzen naiz. Presaka, Iruñera joan ginen.

Egunaz oroitzen zara? 

Ederki oroitzen naiz. Klinikan nengoela medikuetako batek hegazkinaren soinua aditu ote nuen galdetu zidan, eta nik baietz erantzun nion, aditu nuela. Hegazkin hura nire gibelaren bila Asturiasera zihoala erran zidan. Transplantea egin eta zortzi egunez bakarrik egon nintzen ospitaleratua. Handik aitzinerakoa dena zoragarria izan da.

Ebakuntza ongi atera zen?

Bai. Badira transplantearen ondotik gaizki pasatzen duten pertsonak, gibeleko transplantea hagitz serioa baita. Nire kasuan, ebakuntza egin eta biharamunean gaizki pasatu nuen, baina segidan hasi nintzen ongi sentitzen.

Gaur egun nolakoa da zure egunerokoa?

Hiru hilabetetik behin analisiak egin behar izaten ditut eta goizean eta arratsean pastilla bana hartu behar izaten dut, baina bertzela, transplantearengatik ez dut bertze makurrik izan. Eta geroztik,urteak pasatu dira. Gibeleko arazorik ez, baina bertzelako arazoak izan ditut: prostatako tratamenduarekin ari naiz, barize esofagikoengatik denbora luzez tratatu ninduten, duela hiru urte taupada markagailua paratu zidaten bihotzean arazo bat nuela detektatu zidatenean, iztarteko herniatik hamalau aldiz ebakuntza egin didate, eta azken ebakuntzaren ondotik ultzerak ere izan ditut. Ospitalean hagitz ezaguna naiz, baina adinean aitzinera noa eta horren zama sumatzen da. Gainerakoan, bizitza normala daramat. Bakarrik bizi naiz eta oraingoz bakarrik moldatzen naiz, inoren laguntzarik gabe. Baratze ttiki bat dut eta hor aritzen naiz, loreak zaintzen ere aritzen naiz, elizaz arduratzen naiz...  

Gaur egun hartzen duzun tratamendua garestia da? 

Nik gutti pagatzen dut, gehiena gizarte segurantzak ordaintzen baitit. Eta Nafarroako Unibertsitatea klinikara ere gizarte segurantzaren bidez joaten naiz.

Atehna Gibeleko Gaixo eta Transplantatuen Nafarroako elkarteko bazkidea zara. Noiztik? 

Nahiko hasieratik, lehenbizikoetako bat izan nintzen.

Atehnaren helburuetako bat bizi kalitatea hobetzea da. Zertan lagundu dizu? 

Urte aunitz daramatzat bazkide eta polita iruditzen zait.Hasieratik iniziatiba egokia iruditu zitzaidan, eta posible izan dudanetan antolatu dituen hitzorduetan parte hartu dut. Aldi berean, duela urte aunitz transplantatu zuten pertsona batek bazkide izaten segitzea elkartearendako berme bat dela uste dut. Gaur egun, gustura parte hartuko nuke elkarteak antolatzen dituen hitzorduetan, baina Iruñean izaten dira eta hemendik harat joateko dugun autobus zerbitzuarekin ez du kointziditzen. Horregatik ezin izaten dut joan. 

Herritarrak organo emaile izatearen garrantziaz ohartzeko sentsibilizatzeko kanpainak ere egiten ditu elkarteak...

Bai, eta hasiera hartan ni ere  ibiltzen nintzen, baina orain, joateko ezintasunagatik ez dut parte hartzen. Gure inguruan ere egin izan dituzte, baina aspaldian ez. Horrelako ekimenak arrunt inportanteak dira jendea kontzientziatzeko.

Jendeak badaki zeinen inportantea den organo emaile izatea?

Gaur egun lehen baino gehiago. Transplantearengatik izan ez balitz, ni aspalditik ez nintzen hemen izanen. Transplanteei esker bizitzak salbatzen direla ikusita, organo emaile izateko deia eginen nieke herritarrei.  

Organo emaileak falta dira?

Bai, itxaron zerrendak luzeak dira. Zenbat eta organo emaile gehiago izan, orduan eta hobe. Arrakasta haundia izanen litzateke, jende aunitzi berriz bizitzeko aukera ematen baitiozu. 

«Transplantatua baldin bazara, bizitza arrunt osasuntsua egin behar duzu»

Bizirik dagoen gibel emailearen aukera ere hor dago...

Bai, eta urrutira joan gabe inguruan ere badira senidearen gibeleko transplantea egina dutenak. Badira gibeleko transplantea egin eta hil direnak ere eta horrekin zerikusi zuzena dute gure bizi ohiturek. Gibeleko arazo bat baldin baduzu, tabakoaz, alkoholaz eta bestaz atzendu behar duzu, hori garbi eduki. Bizitza arrunt-arrunt osasuntsua egin behar duzu. Gibeleko transplantea egin eta ostatuan segitzen baduzu, akabo, alferrik. Niri aski garbi utzi zidaten zein izaten ahal diren ondorioak, eta horregatik erabaki nuen kasu egitea. Egia erran, ez naiz inoiz zurruteroa eta erretzailea izan edo bertzelako drogarik ere ez dut kontsumitu. Segur aski horrek ere lagundu izanen dit, gorputza ez baitut hain hondatua eta hori abantaila haundia da. Jendea harritu egiten da gibeleko transplantea egina izanda, zeinen ongi nagoen ikusita. Eta egia da, arrunt ongi nago, baina oinarri-oinarrian osasuntsu bizi naizelako da. Hortaz aparte, hemen, Elgorriagan, zoragarri bizi naiz, paseatzera ateratzen naiz, ez dut tontakeriarik egiten, eta medikuak erraten didan guztiari kasu egiten diot. Horregatik aholkatzen diot jendeari medikuaren erranari kasu egiteko, eta erretzen ikusten dudan edozeini erraten diot ez dela ona. Oinarrizkoa da norbere burua zaintzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun