Sagardoren Txapelketa eta Erremontari herriz herri txapelketak irabaziak zituen Aritz Juanenea erremontista saldiastarrak eta urteko hirugarren txapela irabazi zuen larunbat arratsean Galarretan, Jai Alai Summer Season txapelketakoa. Barrenetxea IV.arekin batera, Azpiroz eta Larrañagaren kontra jokatutako finaleko bi joko borrokatuetan nagusitu ziren (13-15 eta 14-15).
Markagailuak erakusten duen bezala, hirugarren jokoaren beharrik izan ez bazuten ere, final parekatua izan zuten eta urdinek markagailua irauli behar izan zuten bi jokoetan, txapela janzteko. Bi jokoak berdintsuak izan ziren. Hasieran urdinak gailentzen hasi ziren (3-6 eta 3-7), baina gero gorriek buelta eman eta jokoa irabaztekotan izan ziren (13-9 eta 14-10), baina 0-6 eta 0-5eko tanto sailekin, urdinek eraman zuten jokua eta txapela zakura. Juanenea izan zen onena lehen jokoan eta bigarrenean ere, markagailua iraultzen lagundu zuen, sakearekin eta azken pilotakada bikain batekin.
Zaldua II.a eta Eskudero B mailako txapeldun
B mailako txapelketaren finala ere jokatu zen larunbatean, honetan eskualdeko ordezkaritzarik gabe. Hemen bai, kitarako jokoa ere behar izan zuten. Zaldua II.ak eta Eskuderok 2-1 irabazi zieten Loitegiren ordez aritu zen Goikoetxeari eta Aiestarani. Hauek lehen jokoak irabazi zuten (15-14), bigarrenean Zaldua II.a eta Eskudero gailendu ziren (9-15) eta kitarakoan ere hauek nagusitu ziren (3-5).