Bestak 2023

«Osasunan aritzea esperientzia ederra izaten ari da»

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 12a, 09:00

Iturengo neska gaztea da Aloña Ayoroa Goñi. Futbola du gustuko, eta Doneztebeko taldearekin eta Osasunarekin aritzen da gaur egun. Gainera, herriko bestez ere aritu da.

Nola definituko zenuke zeure burua?

Ttikitatik kirola eta dantzak gustatzen zaizkion neska alaia eta umoretsua.

Zein dira zure zaletasunak?

Familia eta lagunekin egotea eta kirola egitea, batez ere futbolean. Pilota ere aunitz gustatzen zait eta herriko dantza taldean aritzen naiz.

Noiz hasi zinen futbolarekin?

Ttikitatik gustatu izan zait baloiarekin jostatzea, herriko plazan denbora aunitz pasatzen nuen lagunekin futbolean eta 9 urterekin herriko lagun bat eta biok Doneztebeko Futbol Taldean hasi ginen.

Gaur egun Osasunarekin aritzen zara, ez?

Bai, 2022ko maiatzean entrenamendu batera deitu zidaten, eta geroztik haiekin segitzen dut teknifikazio entrenamenduetan. Teknifikazio taldearekin hainbat torneotan parte hartu dut; Valladoliden, Asturiasen, Hernanin, Azpeitian eta Andorran. Esperientzia ederra eta ezin hobea izaten ari da, lagun berriak egin ditut eta herri berriak ezagutu ditugu.

Zenbat denboraz entrenatzen zara?

Doneztebeko taldearekin astean bi entrenamendu egiten ditut eta asteburuetan partiduak. Osasunarekin, berriz, hamabostean behin entrenatzen naiz.

Betetzea gustatuko litzaizukeen ametsik?

Momentuz ez daukat helbururik, kirolaz gozatu nahi dut.

Bestak gainean dituzue. Bestazalea zara?

Bai, gogo haundia daukat bestetarako eta bestazalea naizela erranen nuke, ekitaldietan parte hartzea gustatzen zait.

Zein da ttikitatik duzun lehen oroitzapena bestetan?

Puzgarriak jartzen zituzten egunero, eta horietan saltoka pasatzen nuen egun guztia.

Eta gaur egun zer gustuko duzu gehien?

Bezperan egiten diren haurrendako herri kiroletan eta esku pilota edo frontenis txapelketan parte hartzea. Dantzariek emanaldia izaten dugu eta hor ere gustura parte hartzen dut. Ortziralea haurren eguna izaten da eta sortzen den giroa aunitz gustatzen zait.

Zure asmoak epe motzera?

Oporrak hasi berriak ditugun honetan, uda ahalik eta hobekien pasatzea.

Eta epe luzera?

Orain arte bezala kirolarekin gozatzen segitzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun