Jai Alai Summer Season txapelketako lehen partida irabazi du Juaneneak

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 3a, 20:00
Erremonte txapelketa berezi honetan ari diren erremontistak aurkezpenaren egunean.

Barrenetxeareki batera 0-2 irabazi die Aldabe eta Urrizari

Jai Alai Summer Season txapelketako lehenengo jaialdia Galarretan jokatu zuten larunbat gauean eta giro ederra izan zen Galarretan. Denen gainetik Barrenetxea IV.a nabarmendu zen, Aritz Juanenea saldiastarrarekin batera 0-2 (13-15, 6-15) irabazi baitzieten Aldabe eta Urrizari.

Txapelketa berritzaile honetan aurrelari bihurtutako atzelari hernaniarra erremonteko aurrelaririk onenak bezala moldatu zen. Erakustaldia eman zuen eta mota guztietako tantoak egin zituen. 20 tanto ere egin zituen bi hutsegiterekin partida erabakita zegoenean.

Lehen jokoa onena izan zen eta lau pilotariak bikain aritu ziren. 13-15 irabazi zuten urdinek. Bigarrenak ez zuen batere antzik izan lehenengoarekin. Urdinen nagusitasuna argia izan zen, eta Juaneneak hobeto atera zuen eta Urriza gutxiago mugitu zen. Urdinek aldea zabaldu zuten hasieratik, 1-10, eta erraz itxi zuten partida (6-15).
Bigarren partida parekatuagoa izan zen. Segurolak eta Ansak 2-1 (14-15, 15-13, 5-1) irabazi zieten Azpiroz eta Larrañagari. Berdinketa haustean izan ezik emozio handia egon zen lehen bi jokoetan.

Sailkapena

  1. Barrenetxea-Juanenea, 4 puntu
  2. Segurola-Ansa, 3 puntu
  3. Azpiroz-Larrañaga, puntu 1
  4. Aldabe-Urriza 0 puntu

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun