Arantxa Arregi alkate ‘handiak’ aginte-makila eman zion Oinatz Ezkurra Irazoki alkate ttikiari; Aimar Gartxitorena Zabaleta izan zen banderaren arduraduna, Ana Maiza Rocha Oinho bake-epailea eta Nahia Belarra Mariezkurrena, Aizea Jauregi Flores, Nahia Mariñelarena Elizalde, Araia Andueza Azpiroz, Beñat Telletxea Gogorza eta Naroa Mutuberria Salaberria zinegotziak. Herriko Etxean karguak hartu eta kalehiran atera ziren, erraldoiek, buruhandiek eta gaiteroek lagunduta.
Euriarengatik dantzari ttikien emanaldia kiroldegian egin behar izan zuten. Gazte Burrunbakoek bazkaria izan zuten, Far West gaiarekin.
Larunbatean ere atera ziren, Doneztebeko erraldoi eta buruhandiak, Elizondoko erraldoien parte-hartzearekin. Bertso saioan Miren Amurizak, Eneko Lazkozek eta Uxue Alberdik kantatu zuten.
Igandean, azken egunean, azken aldiz erraldoi eta buruhandiak ikusteko aukera izan zen. Eguerdian sorpresa izan zen eta herriko emakumeek danborrada-batukada ere jo zuten, azken hilabeteetako entseguen ondotik. Intzakardin egin beharreko bazkarian eskolako aterpeak egin behar izan zuten. Euriaren eraginez, jende guttik parte hartu zuen errekako igoeran. Arratsaldean muxikoak izan ziren Santa Luzia plazan eta AD/DC zaleek gozatua hartu zuten The Malcolm Young Band taldearen emanaldiarekin. Bestak akitzeko, suzko zezena, kalejira eta Gaixoa Ni izan zuten.