Kamiseta laranjak soinean eta motxilak prest dituzte Euskarabentura espedizioko 126 parte hartzaileek. Larunbatean abiatu zuten abentura Maulen, eta 31 egunez Euskal Herriko zazpi probintziak gurutzatuko dituzte, 407 kilometro oinez eginez eta euskara mingainean dantzatuz. Oinezko bideaz gain, musika emanaldiak, mintzaldiak, gaubelak eta bertzelako hainbat ekintza eginen dituzte.
Egun bakoitzeko etapa bat osatuko dute, eta tartean, iaz bezala aurten ere eskualdeko hiru herritatik pasako dira. Uztailaren 17an, astelehena, ailegatuko da espedizioa Lesakara Oiartzundik barrena. Biharamuna, uztailaren 18a, eskualdean emanen dute, Lesaka eta Urdazubi arteko bidea osatuko baitute oinez. Uztailaren 19an, aldiz, Urdazubi eta Amaiur arteko bidea osatuko dute oinez. Bertan, Amaiurko gaztelura joanen dira, eta etapa bukatzeko autobusa hartuko dute Baionara.
Espedizioa osatuko duten 126 gazteen artean eskualdeko bat ere izanen da: Unax Zulaika Irigoien doneztebarra.
«Karrikan euskaraz egiteko ohitura indartzea da nire asmoa»
Unax ZULAIKA IRIGOIEN, Doneztebeko gaztea
15 urte ditu Unax Zulaika Irigoienek eta mutiko euskaldun, futbolzale eta Athletic zale amorratutzat dauka bere burua. Aitzinetik ere bere bi anaia zaharragoak osatua dute espedizioa, eta horrek eta «Euskal Herria sakonago ezagutzeko aukera paregabeak» animatu du laugarren edizioan izena ematera. «Anaiek bizitakoa eta kontatu didatena oso interesgarria izan da».
Espedizioan parte hartzeko, ordea, aitzinetik proiektu bat osatu behar izan du. Bere kasuan gizakiak naturan duen eragina gai hartuta, ipuin interaktibo bat egitea erabaki zuen: «Istorio batean momentu zehatz batzuetan irakurleak istorioak nondik jarraituko duen aukera dezake eta ikuspuntu desberdin bat emateko animalia txiki batzuen begiradatik kontatu nuen», azaldu du.
Kontatu duenez, epea ireki zutenean hasi zen buruan bueltaka, baina azken astera arte ez zen lana egiten hasi eta azken egunean bidali zuen. Hori dela eta, sorpresa ere izan da Euskarabenturarako aukeratua izatea: «Alde batetik ez nuen hautatua izateko esperantzarik azken momentuan egin nuelako, baina bertzalde, bai banuen sartzeko itxaropena lana ongi egin izanaren sentsazioa neukalako».
Espedizioan «jende eta leku berriak ezagutzeko esperantzarekin da, eta baita bertze Athletic zaleren bat ezagutzeko gogoz ere». Parte hartzaileen hizkuntza ohiturak aldatzea da Euskarabenturaren helburuetako bat, eta bere kasuan horretan aldaketarik ez dela izanen uste du: «Egia erran nik bai etxean eta bai karrikan euskaraz egiten dut ia beti eta ohitura horrekin segitzea eta indartzea da nire helburuetako bat. Bertzalde, euskalki ezberdinak ezagutu nahi ditut».
Joan aitzinetik mezu hau luzatu du: «Euskarabentura gazteek euskara eta Euskal Herria ezagutzeko, sustatzeko eta babesteko aukera ezin hobea da».