Errotazain berria eta udako ordutegia daukate Zubietako errotan

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 30a, 09:00
Udako ordutegia eta errotazain berria dute Zubietako errotan.

Nahia Etxeberriak hartu du ardura eta goizez eta arratsaldez irekiko dute, astelehenetan eta asteartetan izan ezik

Zubietako errotak errotazain berria du. Edorta Muruaren kontratua akitu eta orain Nahia Etxeberria izanen da lan horren ardura hartuko duena udan. Horretaz gain, udako ordutegiarekin ari dira dagoeneko errotan, ekainetik irailera. Astelehenetan eta asteartetan itxita egonen da. Beste egunetan, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara irekiko ditu ateak.

Informazio gehiagorako 948 45 19 26 edo 624 40 66 07 telefonoetara deitu behar da.

1785ean eraikia

Zubietako errota 1785ean eraiki zuten eta gaur egun ere martxan dago aitzinako tresneriarekin. Bisita gidatuak egiteko aukera ere eskaintzen dute, artoa ehotzeko prozesua erakutsiz. Erabilitako materialen erakusketa zabala eta Ituren-Zubietako inauteriei buruzkoa ere badute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun