Ekainaren 23an suziria botatzearekin batera, Modestoren musikak alaitu zuen Saldiasko plaza. Ostatua jendez gainezka zegoen Zopak jateko gogoz. Haur eta guraso batzuk afari autogestionatua egin zuten frontoian. Ondoren, San Juan suaren inguruan elkartu ziren herritarrak eta salto egiteko aukera izan zuten.
Ekainaren 24ean meza santuaren ondoren luntxa eskaini zuten ostatu kanpoan eta aizkolarien erakustaldia eta gero, herri bazkariaz gozatzeko aukera izan zuten herritarrek. 92 pertsona inguru elkartu ziren frontoian. Ander Lizarralde eta Unai Muñoa bertsolariekin eta Modestoren musikarekin alaitu zen mahai giroa. Giro paregabea piztu zen lagun eta famili artean gozatzeko aukera izan baitzen. Arratsalde eta gauean Gabenara taldearen musikak alaitu zuen plaza.
Ekainaren 25ean, goizean mus txapelketa izan zen ostatuan; Miguel Baleztena eta Leon Etxekolonea bikoteak irabazi zuen. Frontoian Malerrekako gaztetxoen pilota partidak jokatu ziren. Arratsaldean haurren txanda izan zen; frontoian puzgarriekin eta kotxeekin oso ongi pasatu zuten. Ondotik, Tajudos del Norte mariatxiekin plazan dantza egiteko aukera egon zen, eta batzuk abestera ere animatu ziren.
Urtero bezala, tortila txapelketarekin batera, festen amaiera iristear zegoen. Txapelketa Ainhoa Loprengoak irabazi zuen, bigarren Jose Ramon Txaparre geratu zen eta hirugarren Harkaitz. Udalak txistorra, edaria, ogia eta kafea jarri zituen herritarrentzat. Afaldu ondoren, bukaera emateko, su artifizialen txanda izan zen eta Saldiasko zerua argiz bete zen.
Hurrengo urtera arte agurtu zituzten San Juan festak saldiastarrek.