Diasporari buruzko panelak paratu dituzte Elgorriagako euskal artzainen museoan

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 28a, 14:00

Elgorriagako Artzainen Museoan diasporari buruzko panelak ere ikusgai egonen dira uztailean eta abuztuan.

Uztailean eta abuztuan izanen dira ikusgai eta irailean Urdazubira eramanen dituzte, artzain festa bertan ospatu dutelako

Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak, Elgorriagako Museoaren kanpoko aldean diasporari buruzko panelak paratu ditu.

Bederatzi panel berri jarri dira, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Departamentuak eginak, lehen aldiz iaz Donibane Garazin ospatu zen Diasporaren Egunean jarri zirenak.

Orduz geroztik, Iparraldeko zenbait herritatik pasa ondotik, Nafarroara iritsi dira Euskal Artzainak Ameriketan elkartearen eskutik. Uztailean eta abuztuan, Elgorriagako museoan izanen dira, udako ordutegian: asteartetik larunbatera 11:00etatik 14:00etara. Irailean Urdazubira eramanen dituzte, bertan, irailaren 9an, Artzain festa ospatu behar delako.

Euskal Artzainak Ameriketan elkartea kontent dago, emigrazioari buruzko informazioa erakusten duen erakusketa hau «gure Museoan eskaini ahal izateagatik, ematen duen informazioak Elgorriagan bertan dagoena borobiltzen duelako eta aberasten duelako». Urte  eta erdi baino baino gehiago irekita duen Museoan hagitz harrera ona izan du, «bai turisten aldetik, baita artzainekin zerikusia duten pertsonengan ere, eta bertan egiten den bisita gidatua eta eskaintzen diren bideoak eskertzen dituzte», dio Laura Igantzi, Euskal Artzainak Ameriketan Elkarteko presidenteak.

Gainera, bertara etortzen diren artzainen bizipenak grabatzeko aprobetxatzen ari dira, «ardi kanpoa ikustean oroitzapenak burura etortzen zaizkie eta haiek kontatzen dituzte».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun