Ezustea eman eta Udaberriko erremonte txapelketa irabazi dute Zeberio II.ak eta Otanok

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 26a, 18:00

Zeberio II.a eta Otano txapeldun eta Uterga eta Barricart txapeldunorde, larunbatean Berriozarren, epaile eta antolatzaileekin batera.

Larunbatean Berriozarren jokatutako finalean 35-32 irabazi zieten Uterga eta Barricart faboritoei

Udaberriko Erremonte Profesionaleko Txapelketa-2023ko CaixaBank Sari Nagusiko finalean ezustea eman zuten Zeberio II.a eta Otank eta 35-32 irabazi zieten Xanti Uterga eta Barricart faboritoei larunbatean Berriozarren.

Urdinek txapelketako partida guztiak irabaziak zituzten eta finala ere irabazten hasi ziren. Halere, gorriak agudo aitzineratu ziren markagailuan (6-2). Seina, zazpina eta zortzina berdindu ondotik, urdinek zazpi tanto segidan egin eta berriz ere agintea hartu zuten (8-14). Sei-zortzi tantoko aldeari eutsi zioten finalaren erdi aldera (14-22, 17-25) baina gorriek ere berriz ere partida berdintzea lortu zuten (25-25, 26-26, 28-28, 29-29 eta 30-30). Azken txanpan sartuta bi tantoko aldea hartu zuten urdinek (30-32), baina azken bortz tantoak segidan egin zituzten gorriek, ezustea eman eta txapela janzteko (35-32).

Final bikaina eskaini zuten lau erremontistek. Xanti Uterga bere mailan aritu zen eta hamahiru tanto egin zituen, baina Patxi Zeberiok arriskatu egin zuen azkenean eta ongi atera zitzaion. Debutatu zuenetik 30 urte pasatu baldin badira ere, kalitate eta klase handiko erremontista da oraindik.

Jaialdia hasteko, lehen partidan, Xuban Iturregi iruritarrak eta Dabid Mitxeo doneztebarrak 30-21 irabazi zieten Jon Sagaseta iruritarrari eta Agirrezabalari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun