Mixel Gereka irakasleari agurra egin diote Iturengo Pulunpa eskolan

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 21a, 17:00
Mixel Gerekak erretiroa hartu du 30 urtez Iturengo eskolan aritu ondotik. Makila oparitu zioten ikasleek.

30 urtez irakasle izandakoa omentzeaz gain, eskolako abestia eta bideoklipa aurkeztu zuten ekainaren 20ko ikasturte bukaerako bestan

Ekainaren 20an akitu zuten Pulunpa eskolako ikasleek aurtengo ikasturtea. Azken egunetan ateraldiak, tailerrak, bizikletarekin txangoak egin bazituzten ere, azkeneko eguna ikaragarria izan zen ekitaldi ugari egin baitzituzten Pulunpa eskolaren inguruan. Herri kirolak, seigarren mailakoen agurra, irakasle batzuei agurra, guraso elkarte eta jantokiko kudeatzaileek antolatutako bazkaria, apar besta… Momentu politak bizitu ziren, negar eta irri artean.

Horietako bat Mixel Gereka, ingeleseko irakaslearen agurra izan zen. 30 urtez Pulunpa eskola eta inguruan aritu da, belaunaldiz belaunaldi hizkuntza hau erakutsiz. Agurraren parte izan ziren bere lankide eta lankide ohiek eskaini zioten bideoa, ikasleek dantzatutako Aurreskua eta denek abestu zioten bertsoa. Berak eginiko lan guzia eskertzeko modua izan zen.

Ikasleek aurreskua ere dantzatu zioten Mixel Gerekari.

 

Abestia eta bideoklipa

Hala ere, kurtso bukaera honetako jaialdian eskolako abesti eta bideokliparen aurkezpena egin zuten. Jon Koldo Arburua irakasleak sorturiko abestiak Karlos Semperrek grabatu zuen. Kolaborazio aunitz izan ditu, Igor eta Iñigo Telletxea anaiak baxuan eta baterian, Arkaitz eta Ainara Mindegia trikiarekin eta koruekin, Ruth Etxebeste eskolako zuzendariak ahots nagusia eta, nola ez, haurrak ere beraien ahotsekin. Abestiari letra polit eta ederra sortu zion Iker Gorosterrazu bertsolariak. Azkenik, bideoklipa Ekaitz Bertiz Sunbillako gazteak egin zuen. Abestiaren egileak aurkezpenean erran zuen bezala, eskolako jendearekin egindako abestia, eskola eta eskolarentzako dena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun