Leire Amoros eta Idoia Rekarte

«Gauzak bertan egin daitezkeela erakutsi nahi dugu»

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 16a, 10:00

2008an sortu zen Doneztebeko Merkatarien eta Zerbitzuen Elkartea, «herrian komertzio eta zerbitzuak bultzatzeko eta babesteko». Gaur egun, 38 negoziok osatzen dute elkartea, eta kanpaina bereziak egiten dituzte jendea bertan erostera animatzeko.

Zein da aurten abiatu duzuen ekimen berria? 

Aldaketa klimatikoaren kontra poltsak berrerabiltzeko joera dela eta, pentsatu dugu gure komertzioetarako poltsak erosi beharrean bertan ekoiztea. Orain arte poltsak eman ditugu, baina janari dendetarako eta eguneroko erosketentzako, ez modako edo arropa dendentzako. Zerbait berezia egin nahi genuenez, harremanetan jarri ginen Doneztebeko Jostunen Eskolarekin poltsak egiteko, eta prest agertu ziren. Gainera, horrela beraiek ere praktikatzen dute.

Zer da Doneztebeko Jostunen Eskola? 

Blanca Bañares jostun profesionala izaten da irakaslea, eta berak antolatzen du ikastaroa. Urtero egiten du kurtsoa eskualde osoko jendearekin, eta Maika Mariezkurrena, Maria Larretxea, Milagros Azkarraga, Rosa Agirre, Maria Dolores Arraztoa, Maite Mendibil eta Beatriz Razkin aritu dira proiektuan lanean.

Doneztebeko Jostunen Eskolako kideak.

Ingurumena zaintzea da zuen helburuetako bat. Nola ikusten duzue egoera Donezteben? 

Plastikozko poltsen erabilera aunitz murriztu da, eta kobratzen direnez, jendea gehiagotan oroitzen da etxetik eramatera, batez ere erosketak egitea planeatuta dutelarik. Aunitz landu dugu gaia, baita Mankomunitateak ere, poltsa pila banatu ditugu eta aurrerapen haundia egin dugu. Okerrena hornitzaileetatik datorren zaborra da; gu murrizten saiatzen gara baina ekoizterakoan plastiko pila bat sortzen da.

Ingurumenari buruzko kontzientziazioaz gain, bertan kontsumitzeko ohitura ere sustatu nahi duzue, ezta?

Noski. Kanpaina honekin erakutsi nahi duguna da gauzak bertan egin daitezkeela. Guk ere egindako poltsak erosi ahal genituen, kostu murritzagoarekin eta kopuru haundiagoan, baina bertako jendeak egindako produktu baten aldeko apustua egin dugu.

Zenbat poltsa egin dituzue?

220 telazko poltsa egin ditugu, Artlepok egin duen serigrafia lanarekin eta gure logoekin. Dena bertakoa.

Nola banatuko dituzue?

Poltsak gure bezero guztiei ematea gustatuko litzaiguke, baina ezinezkoa da. Horregatik, ekainaren 12tik 24ra Doneztebeko moda komertzioetan kontsumitzen dutenak zozketan sartuko dira, eta hilaren 26an jakinaraziko ditugu irabazleak. Eta noski, poltsa horiek gero berrerabiltzea eta karriketan ikustea espero dugu.

Ekimen hauekin jendea bertan erostera animatzen da?

Bai, jendea hemen erostera animatzen saiatzen gara. Kanpaina eta opari hauekin hemen gaudela erakutsi nahi dugu, komertzio ttikiak ahalegintzen ari garela, eta beharrezkoak garela herriak bizirik mantentzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun