IBAI MEOKI

«Jokatu dudan leku guztietan dena ematen saiatu naiz beti»

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 17a, 08:00
Ibai Meoki Anaitasuna kiroldegiko azken partidan. Asobal ligari eutsita utzi du eskubaloia doneztebarrak. Argazkia: Anaitasuna

Ibai MEOKI ETXEBESTE, Doneztebeko eskubaloi jokalari ohia

34 urteko jokalari doneztebarrak eskubaloia utzi berri du. Hamar urterekin Errekan hasi eta Nafarroako eta Alemaniako hainbat taldetan aritu da eta Helvetia Anaitasunako jokalaria izan da

Hamazazpi urterekin Portland San Antonio taldeko harrobiko taldera joan zen. Bi urte eta erdi beranduago, lehen aldiz Anaitasunan aritu zen, utzita, Ohorezko B mailan. Urte eta erdi beranduago berriz ere San Antoniora itzuli zen, lehen taldean aritzeko. Bi urte eman zituen San Antonion eta berriz ere Anaitasunara itzuli zen, hiru urtez Asobal ligan aritzeko. Orduan hasi zuen Alemaniako ibilbidea, Bundesligako bigarren mailan, bi urtez HG Saarlouis taldean eta bat ThSV Eisenach taldean. 2018-19 denboralditik honat berriz Anaitasunarekin aritu da. Denera, 300 bat partida jokatu ditu Meokik Asobal ligan. Hamabi denboralditan 400 bat gol egin ditu. Alemanian 67 partida jokatu zituen HG Saarlouis taldean (175 gol) eta 30 partida ThSV Eisenach taldean (49 gol).

Maiatzaren 27an zure azken partida Iruñean Anaitasunan. Omenaldia, oroigarriak… Hainbertze emozioren ondotik, zer gorputzaldi gelditu zaizu? 

Denetik pixko bat. Egun arrontean polita izan zen eta dena perfekto atera zen. Irabazi genuen eta Asobal ligan ariko da Anaitasuna bertze denboraldi batez. Hori lasaitu handia izan da guretzat, denboraldi gogorra izaten ari zelako. Nik pertsonalki banekien eskubaloia utzi behar nuela eta taldea Asobalen utzi nahi nuen. Hori helburu garrantzitsua zen niretzat, hainbertze urteren eta gero, erretiratzen naizen urtean ongi akitu nahi nuen, ez da berdina taldea jautsi ondotik uztea edo goi mailan utzita uztea. Kirol helburua beteta, niretzat egun arras polita izan zen, arrontean hunkitua bukatu nuen, kristoren jende pila etorri zen, Errekako jendea, kuadrillakoak, familia guztia, unibertsitateko lagun aunitz… Egun ederra izan zen eta orain, oroitzen naizenean, irribarretxo hori ateratzen zait.

Errekako eta kuadrillako Ibai Marizkurrena eta Paskual Bertizen eskutik jaso zituzten oroigarriak Meokik eta Txokarrok. 

 

Ibilbide luzea izan duzu eskubaloian… Zer azpimarratuko zenuke? Zer eman dizu eskubaloiak eta zuk zer eman diozu eskubaloiari?

Niri eskubaloiak gauza aunitz eman dizkit, aunitz-aunitz. Ttikitatik, Errekan hasi nintzenetik, ordu aunitz eman genituen, kristoren anbientea genuen eta aunitz disfrutatu nuen. Guretzat garrantzitsuak izan ziren garaipenak izan genituen eta horietaz aunitz oroitzen naiz eta oroitzapen politak dira. Gero, profesionaletan, jende pila bat ezagutu dut, esperientzia pila bat izan dut, atzerrira joateko aukera izan dut, kultura ezberdinak ezagutzeko, Europa mailako txapelketetan aritzeko… Eskubaloiak aunitz eman dit eta pertsonalki, nire pentsamendua zabaltzea eragin du, lagun aunitz egitea eta batez ere, aunitz disfrutatu dut. Nire une txarrak ere izan ditut, denboraldi txarrak eta onak izaten dira, baina hori ere alde ona dela iruditzen zait. Momentu horiek guztiak gestionatzen ikasten duzu. Eta nik zer eman diodan eskubaloiari? Jokatu duten leku guztietan dena ematen saiatu naiz beti eta jendeak pentsatzen baldin badu kantxara atera naizen guztietan dena eman dudala, kontent joanen naiz. Jokalari batek momentu hobeak eta txarragoak izaten ditu, baina dena ematen saiatu naiz beti, beti hor egon naiz.

«Hemen ez dugun eskubaloiaren kultura dute Alemanian»

Doneztebetik Iruñera, hiriburuko bi talde handitan aritua, Alemanian ere hiru urte, berriz buelta… Esperientzia ugari. Zein izan da zure ibilbideko momenturik onena? Eta txarrena?

Kirol arloan, beharbada onena Anaitasunarekin Europara sailkatu ginen urtea izan zen. Urte arras ona izan zen taldearentzat, joko onarekin eta emaitzak ere bikainak eta nik ere, pertsonalki, urte hartan arras ongi jokatu nuen. Txarrena, agian, Alemaniako hirugarren urtea, denboraldi hasieratik gauzak okertzen hasi ziren eta azkenean kategoria galdu genuen. Urte gogorra izan zen, etxetik urrun, emaitza kaxkarrak, giroa ez zen onena… Hori izan zen urterik txarrena, baina hark ere bere gauza onak izan zituen. Lesio aldetik suerte nahiko ona izan dut. Egia da behin behatzeko tendoia hautsi nuela, ebakuntza egin zidaten eta bi hilabetez gelditu nintzen eta bertze punbalgiaren bat izan dut, haustura ttikiren bat… baina orokorrean  ez dut denbora luzerako lesio larririk izan, suerte hori izan dut.

Txomin Mindegiak Doneztebeko herriaren izenean argazki bat eman zion Meokiri.

 

Gibelera begira, zerbait faltan sumatzen duzu? Beharbada Niko Mindegia herritarrarekin jokatzea?

Europan jokatu dut, Niko Mindegiaren kontra jokatzeko aukera ere izan nuen bera Logroñon ari zenean eta ni Anaitasunan. Esperientzia polita izan zen, Logroñon jokatu genuen eta herriko jende pila bat hurbildu zen. Uste dut partida berdindua zegoela eta berak sartu zigula azken gola. Bere kontra aritzea espeziala izan zen, baina Nikoren kontra aritzen zarenean badakizu zer duzun, kalidade izugarria du. Normalean bera izaten da bere taldeko onena, jokalari bikaina da.

Biak probatuak dituzu eta zer diferentzia sumatu duzu Espainiako Asobal liga eta Alemaniako Bundesligaren artean? 

Alemaniakoa fisikoagoa da, egia da, baina kulturalki ere diferentzia handia bada. Alemanian kirol garrantzitsua eta ezaguna da eskubaloia, beraientzat kasik futbolaren tankerakoa eta partida baino bizpahiru ordu aitzinetik joaten da jendea kiroldegira, beti betea, giro ederra izaten da, jaten eta edaten eta partidaren ondotik ere… Eskubaloi kultura hori hemen ez dugu hainbertze eta Alemanian bai, han bizitzen dute. Eta Asobal ligan, aldiz, aspaldian Barça da jaun eta jabe, ekonomikoki ere alde handia du bertze taldeekin. Europako eta munduko talderik onena da Barça eta hemen ez du areriorik. Alde horretatik ere, konpetibitate gehiago dago Alemanian eta pena da hemen gehixeago ez izatea. Baina, bertze aldetik, Barçaren kontra ari zarenean, badakizu munduko onenen kontra ari zarela.

Gaztetatik etxetik kanpo ibili baldin bazara ere, Errekak eta Errekazaleek ere ez zaituzte atzendu, herrian maite zaituztela erakutsi zuten.  Zer suposatu du Errekak zuretzat?

Niretzat harrotasun handia da Errekako harrobikoa izatea eta herrira etortzen naizen aldioro jendeak galdetzen dit ‘Zer moduz?’, ‘Nola doa gauza?’, 'Lehengo egunean ongi aritu zinen’… Hori arrontean polita da. Errekaren eta Erreka zaleen aldetik beti maitatua sentitu izan naiz. Partiduoro beti Errekako zaleren bat harmailetan ikusi izanak beti ilusio berezia egin dit. Nire ttikitako oroitzapen onak ditut eta profesionaletan ere Doneztebek eta Errekak maitatua sentitu naiz.

Ibai Meoki, Doneztebetik Anaitasuna kiroldegira hurbildu ziren Erreka zaleekin batera.

 

Eta, eskubaloi profesionala utzita, Errekara bueltatzea burutik pasatu zaizu edo zer asmo duzu etorkizunerako?

Egia erran oraindik ez dut pentsatu eta oraintxe bertan egin nahi dudan lehenengo gauza atseden hartzea da. Denboraldia luzea akitu dugu, bukaera arte borrokan eta burutik eta fisikoki ere nekatua nago eta deskantsatu nahi dut. 

«Ilusioa egiten dit beti Errekako zaleren bat harmailetan ikusteak»

Eskubaloi profesionala aipatu dugu, baina posible izan duzu eskubaloitik soilik bizitzea edo beti bertze lan batekin bateratu behar izan duzu?

Nik ingeniaritza mekanikoa ikasi nuen eta hori akitu nuenean Alemaniara joatea erabaki nuen. Alde batetik kanpoan jokatu eta esperientzia hori bizitu nahi nuelako, baina bertzalde, baita alemaniera ikasi nahi nuelako, lan arloan hizkuntza hori ikastea garrantzitsua zelako. Alemaniatik etorri nintzenean, 28-29 urterekin, eskubaloia eta lana uztartzea pentsatu nuen. Eskubaloia uzteko momentu hau noizbait iritsiko zela banekien eta ez nuen hutsetik hasi nahi, esperientziarik gabe. Azken bortz urteetan lana eta eskubaloia batera egin ditut. Aitzinetik bai, eskubaloitik bakarrik bizitu nintzen. Kontua da eskubaloia akitzen denean bertze zerbait behar dela.

Bertzerik aipatzeko?

Bakarrik eskerrak eman omenaldira etorri ziren guztiei, niretzat egun polita izan zen eta seguru aski ezin izan nuen denak banaka-banaka agurtu. Beraz, mila esker denei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun