«Malerrekan eolikoak? Berriztagarriak bai! Horrela ez!». Galdera eta erantzun horrekin, larunbatean argi utzi nahi izan zuten makroproiektu eolikoen kontra daudela.
«Antenak 40 metroko altuera du eta haize errota horiek 190 metrokoa. Kasik bost aldiz haundiagoak dira»
Goizean egin zuten lehenbiziko hitzordua. 09:00etan Zubieta eta Ituren artean dagoen Galardi mendira joan ziren oinez Zubietako plazatik abiatuta. Elizaldek TTIPI-TTAPAri kontatu dionez, han errota eoliko horiek izanen luketen altuera ikusi zuten drone batekin eta bertan dagoen telebistako antenarekin konparatu zituzten: «Antenak 40 metroko altuera du eta haize errota horiek 190 metrokoa. Kasik bost aldiz haundiagoak dira, izugarriak! Eiffel dorrearen erdia baino altuagoak direla». Gehiago ere kontatu du Elizaldek: «Eraikiko liratekeen lekuak Zubietako herriko plazatik kilometro batera pare-parean ikusten diren iraleku eder eta zelai batzuk dira. Handik Zubietako herria aurrez aurre ikusten da».
Gisa honetara proiektuak izanen lukeen eragin bisuala agerian utzi nahi izan zuten: «Errota erraldoiak dira, 120 metroko enborrak eta 70 metroko hegalekin 190 metroko altuera dute guztira, oso hurbil eta oso itsusiak gelditzen dira, herriari bere betiko edertasuna kenduz».
«Akabo gure bakea eta isiltasuna».
«Iturengo Ameztia auzoko bi iturri desagertzeko arriskuan izaten ahal dira, hango baserri guztiak urik gabe utziz»
Beste «kontu kezkagarri» bat ere aireratu zuten: «Haize erroten burrunba eta zarata aisa ailegatuko da Zubietako herriraino, horrek dauzkan kalte guztiekin batera. «Akabo gure bakea eta isiltasun lasaigarria, fabrika baten ondoan bezala egonen gara betiko; loezina, urduritasuna, antsietatea, buruko mina eta abar jasan beharko ditugu hemendik aurrera. Hori dena mikrosoinuen eraginaz aparte». Gehiago ere bai: «Aipatu gabe gelditu dira beste hainbat arrazoi haize errota horien kontra egoteko, besteak beste, Iturengo Ameztia auzoko bi iturrik, baserrietarako eta bordetarako bi ur depositu hornitzen dituztenak, jasan dezaketen desagertzea, hango baserri guztiak urik gabe uzteko arriskuarekin».
Bazkaria eta mahai ingurua
Menditik jaitsita, Elgorriagako herriko ostatuan bazkaldu zuten: «paella entsaladarekin eta denon artean egindako bizkotxoak kafearekin. Jendea oso kontent gelditu zen 10 euro bakarrik kosta zen bazkari goxo honekin». Argitu duenez, «bazkarian eta ilunabarreko kontzertuetan ateratako dirua informazio kanpainak, pankartak, diptikoak eta bideo muntaiak egiteko erabiliko da».
Bazkalondoan mahai inguruaren txanda izan zen: «Lehendabiziko, Malerreka Bizirik taldeko bozeramaile batek orain arteko ibilbidea azaldu zuen. Batez ere, proiektu eoliko hauen kontra egoteko arrazoiak irakurri zituen banan-bana, sortzen dituzten kalte guztiak laburki aipatuz». Ondotik, Arantzako Arantza Bizirik eta Etxalarko Azkua Bizirik plataformakoek hartu zuten hitza, eta «beraien herrietan egiten ari diren ekimenak» partekatu zituzten. Elizaldek oroitarazi nahi izan du «bi herri horietan udalak oraingoz beraien mendietan honelako makroproiektuak egiteko aukera gelditu dutela, aho batez hartutako erabakien bidez». Bestalde, «Leitzatik eta Euskal Herriko beste leku askotatik etorritako jendeak ere hitz egin zuen eta oso mahai inguru aberasgarria atera zen».
«Makroproiektu hauek ez dira herriendako eginak, negozio bat besterik ez dira»
«Udalei diru pixka bat eskaintzen diete eta horrela ederki engainatu nahi dituzte diruaren hotsarekin»
Elizalderen hitzetan, «parte hartze guztietan ikusi zen makroproiektu hauek ez direla herriendako eginak, negozio bat besterik ez direla: enpresa multinazionalek sakelak betetzen dituzte Europako eta bertako gobernuen dirulaguntzekin eta gure mendiak itsustu eta eraldatu egiten dituzte inolako begirunerik gabe». Zubietarrak nabarmendu duenez, «ez zaizkie batere inporta gure interesak, gure iritzia eta gure ingurunea, ezta energia berriztagarrien gaia ere; beraien etekinei eta onurei bakarrik begiratzen ari dira». Bere hitzetan, «pagotxa ederra harrapatu dute haize erroten negozioarekin eta diruzale harrapariak bihurtu dira, mundu guztia beraien bidetik eraman nahirik. Udalei diru pixka bat eskaintzen diete eta horrela ederki engainatu nahi dituzte diruaren hotsarekin. Eta denok dakigu dirua zein erakargarria den!». Elizaldek, ordea, garbi du: «Diru hori pozoitua dago eta kalteak ezin dira diruarekin ordaindu».
Ilunabarrean hiru kontzertu izan ziren ostatuaren aurrean eta Ozpinduk, Guajiroak eta 2sonT taldeek jo zuten. «Musu-truk jo zuten beraien musika, dirua Malerreka Bizirik taldearendako geldi zedin».
Bide batez, Malerreka Bizirik taldeak eskerrak eman nahi izan dizkie «herritar guztiei eta beraien parte hartzearekin gure bailara, erreka eta haran eder hauek beti bezain ederrak mantendu nahi dituzten guztiei».
Oharra: Argazkietan fotomuntaia batzuk ere egin ditu Malerreka Bizirik taldeak, eolikoak nola ikusiko liratekeen jakiteko.