Udaberriko erremonte profesionaleko Caixabank Sari Nagusiko final laurdenetako hamargarren jardunaldia, final laurdenetako ligaxkako azkena jokatu zuten ortziralean Agoitzen. Finalerdietako sailkatzeko garaipena behar zuten Zeberio II.a eta Otanok eta halaxe egin zuten, dagoeneko txartela segurtatua zuten Aimar Jabalera doneztebarrari eta Aimar Saldias oiztarrari 35-26 irabazi baitzieten.
Jaialdia hasteko partidan, Matxin III.a eta Baztanek 30-15 irabazi zieten Oses eta Barricart agoiztarrei.
Finalerdiak ekainaren 17an Lizarran
Gauzak honela, erabakiak gelditu dira ekainaren 17an, larunbatean 19:00etatik aitzinera Lizarran jokatuko diren finalerdietako protagonistak. Lehen finalerdian, Xanti Uterga doneztebarra eta Agirrezabala, Aimar Jabalera doneztebarraren eta Aimar Saldias oiztarraren kontra ariko dira eta bigarrenean, Eloi Otxandorena doneztebarra eta Ion, Zeberio II.a eta Otanoren kontra.