SAIOA SAN MIGUEL ZELAIETA

«Lasterka egitea deskubrimendu bat izan da niretzat»

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 10a, 09:00

Duela bortz urte kros bat egin ondotik sartu zitzaion barrenera atletismoaren harra Saioa San Migueli. Geroztik Pamplona Atletico taldean ari da, eta «hagitz-hagitz gustura» dago bertan

Sasoi puntu bikainean dagoela erakutsi du Saioa San Miguel lasterkariak. Berriki bi errekor xehatu ditu 18 urtez azpikoetan: 500 metrokoa eta 800 metrokoa. Denboraldiaren azken txanpan badago ere, oraindik badu zer prestatu, izan ere Espainiako 800 metroko txapelketara sailkatu da, eta hori prestatzen ari da orain buru-belarri. Bertze helburu bat ere badu: 400 metrotan ere sailkatzea. Aurtengo denboraldiarekin «hagitz gustura» dago.

Noiz eta nola hasi zinen lasterka? 

Orain dela 5 urte hasi nintzen. Lehenago aitarekin batzuetan joaten nintzen korrika egitera, baina ez nuen talderik. Egun batean Beran kros bat egin nuen eta hain ongi pasatu nuen  aitari erran niola atletismoan apuntatu nahi nuela. 

Ordurako zure gurasoak lasterka aritzen ziren, ez? 

Bai. Ama lesionatu egin zen eta, orain bizikletan aritzen da, baina aitak segitzen du lasterka egiten. Orain ez du ez talderik ez deus, baina, lasterka egiten du. 

Eta nolakoa izan da gaur arte egin duzun bidea?

Pamplona Atleticon hasi nintzen entrenatzen eta hain gustura nago bertan ez dudala taldea aldatu. 

Nolakoak dira entrenamenduak? 

Iruñean iraupen edo iraupen erdia egiten dugunek talde bat dugu eta hara joaten naiz  entrenatzera asteazkenetan, ortziraletan eta igandetan. Hemen astelehenetan entrenatzen naiz, eta asteartean gimnasioa tokatzen zait. Ortzegunetan dantza izaten dut, beraz, libre bakarrik larunbatetan izaten dut. 

Ongi moldatzen zara entrenamenduak ikasketekin uztartzeko? 

Bai, ez dut problemarik izan inoiz. Gainera, hurrengo urtean Iruñera ikastera joan nahi dut, eta han bertan dena izanen dudanez hobe izanen da. Niretzat ez dago arazorik, baina nire aitak eraman behar izaten nau astean hiru egunez eta gogorragoa da beretzat. Baina, ni ongi moldatzen naiz, 

Baduzu entrenatzailerik? 

Bai, orain arte hiru izan ditut. Lehenengo bi urteetan bat izan nuen, gero bertze bat urte batez eta orain bertze batekin bi urte eta erdi daramatzat eta hagitz kontent nago. Ignacio Santamaria du izena, eta nire aitaren entrenatzailea ere izan zen gaztetan. Hagitz jatorra da, beti dago laguntzeko prest, beti animatzen nau eta saiatzen da gustura eta kontent egotea berekin. 

Eta nola banatzen dituzu entrenamenduak?

Astelehenetan kilometroak egiten ditut lasterketa hemen. Asteartetan gimnasioa eta asteazkenetan serieak egiten ditut: 300 m, 400 m, 500 m... segun. Ortzegunetan atsedena izaten dut. Ortziraletan serie motzak izaten dira 100 m, 150 m, 200 m… Gero larunbatetan deskantsu izaten dut eta igandetan entrenamendu gogorra izaten dugu. Serieak izaten dira, baina gogorragoak: luzeagoak, azkarragoak… Batzuetan maldan ere ibiltzen gara. 

«Nire burua ongi ikusten dut denboraldi bukaerarako»

Zein modalitatetan lehiatzen zara?

Neguan pista estalian aritzen naiz eta 800 m eta 1.500 metroko modalitatea egin dut. Orain aire librean 400 metro eta 800 metro eginen ditut. Eta erreleboka ere aritzen naiz, 4x400 m modalitatean taldekideekin. 

Eta zeinetan aritzen zara gusturen? 

800 metrokoan dudarik gabe. Nahiz eta hagitz gogorra den sufrimendu sentsazio hori gustatzen zait.

500 metrotan errekorra egin berri duzu. Espero zenuen? 

Ba egia erran ez. Hagitz ongi entrenatzen aritu naiz eta gogo aunitzekin joan nintzen lasterketara, baina, ez nuen espero. Nik lehengo urtean 1.20ko denbora egin nuen eta aurtengo intentzioa 1.18 edo egitea zen. Baina, berotzen hasi nintzenean konturatu nintzen hagitz ongi nintzela,  hagitz motibatua eta lasterka egiteko gogo aunitzekin. Eta lasterketa hagitz ongi atera zitzaidan, hagitz kontent bukatu nuen, ez nuen batere espero. 

Eta hau ez da berriki egin duzun errekor bakarra 800 metrokoa ere egin baitzenuen iazko abenduan. Hori ere sorpresa izan zen zuretzat?

Ez, errekor horren bila joan nintzen. Aunitz entrenatzen ibili naiz, banekien forma onean nengoela eta errekorra egiten ahal nuela. Antequeraraino joan nintzen errekorra egitera, bidaia eta pasada izan zen baina merezi izan zuen. Hori ez nuen espero, baina intentzioa banuen eta ongi atera zen.

Zenbateko garrantzia du zuretzat hain denbora txikian horrelako bi errekor egiteak?

Egia erran hagitz kontent nago. Batzuetan euria ari duenean, edo bero handia denean, edo lagunekin atera ezin zarenean eta… gero ikustea lanak emaitza baduela pozgarria da. Momentuan nagia ematen du batzuetan baina gerora ikusten duzu merezi duela. 

Aunitz bidaiatzen duzu?

Pasa den urtean eta aurten dezente. Iruñean bakarrik Nafarroako lehiaketak egiten dira eta zaila izaten da hor marka onak egitea. Kanpora atera behar zara maila handiagoa izateko, maila handikoekin egoteak zuri ere laguntzen dizulako hobetzen. Bartzelonan egon naiz, eta Espainiako txapelketara joateko denbora minimoa egin dudanez, orain uztail bukaera arte egon behar dut entrenatzen, txapelketa uztail bukaeran delako. 

Zein modalitatetan ariko zara? 

800 metrotan. 400 metroko minimoa egiten ere saiatuko naiz. Oraindik ez dut egin 400 metroko lasterketarik, baina ea noizbait badudan aukera hemen Iruñean egiteko baten bat, eta lortzen dudan. 

Nolakoa izanen da zure denboraldi bukaera? 

Orain maiatza eta ekaina nahiko potenteak izanen dira lasterketekin. Eta ondotik uztaila ere bai Espainiako Txapelketa, inportanteena dela. Oraindik dezente gelditzen da, baina hagitz kontent nago, gogo aunitzekin eta hagitz ilusionatuta. Nire burua ongi ikusten dut. 

«Lasterka egin ondorengo sentsazioa hagitz ona da»

Denboraldiaren zer balorazio egiten duzu?

Oraingoz 10ekoa. Hagitz-hagitz kontent nago, hagitz motibatua. Nire aitak eta aunitz laguntzen diate, astelehenetan batzuetan nirekin entrenatzen du, Iruñera eramaten naute... Badakit kostatzen zaiela baina hain kontent ikusten naute ez zaiela inporta. 

Eta hurrengo denboraldirako zer helburu dituzu?

Oraindik ez naiz hurrengora begira hasi. Hainbertze gustatzen zaidan kirolaz disfrutatzen segitu nahiko nuke, entrenatzen jarraitu, hobetu eta ikasi. 

Hemendik aitzinera baduzu lortu nahi duzun helburu zehatzik? 

Ez, proba hauek egiten segitu nahi dut: 400 m, 800 m, 1.500 m… nahiz eta azken hori batzuetan pixka bat luze egiten zaidan. 

Bertze zerbait erran nahiko zenuke? 

Jendea atletismoa egitera animatuko nuke. Batzuetan pentsatzen dute bakarrik lasterka egitea dela, eta bakartia dela. Nik astean hiru egunetan taldean egiten dut lasterka, eta ez naiz batere bakarrik egoten. Lasterketa egiteak aunitz exijitzen du, baina gero egiten duzunean hagitz ongi sentitzen zara, sentsazio hagitz ona da. Niri aunitz ematen dit korrika egiteak, deskubrimendu bat izan da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun