Sagardoaren Txapelketaren finalerako pilotak aukeratu dituzte

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 9a, 16:00
Juanenea, Segurola, Martirena eta Urriza, Sagardoaren txapelketako finalerako pilotak aukeratu ondotik.

Ekainaren 12an, astelehenean ariko dira Galarretan Urriza eta Martirena Segurola eta Aritz Juanenea saldiastarraren kontra

Javier Urrizak eta Ibai Martirenak (Alorrenea) eta Beñat Segurolak eta Aritz Juanenea saldiastarrak (Bereziartua) osatutako bikoteek jokatuko dute Hernaniko Galarretan, Erremontari”ko XIII. Sagardoaren Txapelketako finala ekainaren 12an, astelehenean. Aitzinetik, finalerako piloten aukeraketa egin zuten ekainaren 8an, ortzegun arratsaldean.

Finalista guztiak ez ziren kontent atera aukeraketatik, Segurolak eta Juanenean pilota biziagoak nahi baitzitizuten. Urrizak eta Martiarenak aukeratutako laurak berdintsuak dira, motelak.

Urrizari beldurrik gabe

Aritz Juaneneak aipatu zuenez, «finalerdietan pilota aukera handiagoa bazen, baita askoz biziagoak ere. Pilota biziak saskitik desagertu dira orain. Denak motel xamarrak ziren». Halere, beharbada ikusleendako egokiagoak izan daitezkeela onartu zuen, «piloteo gehiago izanen delako».

Finalean erabili beharreko taktikari dagokionez, «ausart» jokatzeko intentzioa dutela adierazi zuen Juaneneak: «Urrizaren kontra ari garenean, normalean denok esaten dugu bera saihestu beharra dagoela, ez dadin jokoan sartu, baina gu bere bila joan behar dugu. Buruz buru irabazi behar diogu eta Urrizarekin daukagun beldur hori kendu behar dugu. Azken bi txapelketak Urriza eta Barrenetxea ez ziren erremontistek irabazi dituzte eta bada garaia gu ere horretan saiatzeko». Izan ere, «txapeldun izatea zer den jakiteko» gogoa du Juaneneak. «Arantza hori sartua daukat 2018tik eta orain kendu nahi dut», aipatu du saldiastarrak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun