Udaberriko erremonte profesionaleko CaixaBank Sari Nagusiko final laurdenetako hamargarren jardunaldia, final laurdenetako ligaxkako azkena jokatuko dute ekainaren 9an, ortziralean 19:15ean Agoitzen. Oraindik finalerdietako sailkatzeko aukera duten Zeberio II.a eta Otano, dagoeneko txartela segurtatua duten Aimar Jabalera doneztebarraren eta Aimar Saldias oiztarraren kontra ariko dira.
Zeberio II.ak eta Otanok irabaziko balute, finalerdietarako tartela lortuko lukete eta lortutako tanto kopuruaren arabera, bigarren ere izan daitezke. 33 tanto baino gehiagorekin galduta ere laugarren postua lortuko lukete eta finalerdietan izanen lirateke. Kontuak egin beharrik gabe, Jabalerak eta Saldiasek segurtatua dute finalerdietarako txartela, baina bigarren postua eskuratzen saiatuko dira, gurutzaketei begira.
Jaialdia hasteko partidan, Oses eta Barricart agoiztarrak, Matxin III.a eta Baztanen kontra ariko dira.
Txapelketa osoko jaialdietan bezala, Agoizkoan ere hamar euro ordaindu beharko da (16 eta 22 urte artekoek bortz euro eta ttikiagoek doan) eta sarreran biltzen dena ADANO elkartera bideratuko da. Gainera, Erremonte Fundazioko e•Remonte enpresako pilotarien kamisetak ere zozketatuko dituzte.