Mendi abesbatzak erlijio-musikako kontzertua emanen du igandean Donezteben

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 7a, 08:30

Heldu den ekainaren 11n, 18:30ean kontzertu berezia izanen da Doneztebeko Elizan. Mendi abesbatzak zein Ruth Etxebeste eta Amaia Cordoba piano eta organo joleek erlijio-musikako hainbat abesti interpretatuko dituzte.

Errepertorioaren abiapuntua Mendi Abesbatzak pasa den apirilean Iruñeko Baluarte Antzokian orkestra laguntzaz abesteko prestatu zituen obrak izanen dira: Hilarión Eslava Maisuaren Mi b-eko Meza eta Felipe Gorritiren Miserere  hain zuzen ere. Biak ala biak, Nafarroan izan diren konpositore garrantzitsuenetarikoek sortutako obre sendo eta mamitsuak dira. Eslavaren meza osorik interpretatuko dute: Kyrie, Gloria, Credo, Sanctus eta Agnus dei.  Gorritiren kasuan, aldiz,  hiru zati aukeratu dituzte emanaldirako: Miserere, Rede Mihi eta Tunc imponent.

Kontzertuaren lehenengo zati hau aldaretik abestuko dute, pianoaren laguntzaz. Bigarren zatirako berriz, interpreteak korura igoko dira eta handik eskainiko dituzte Perosi maisu italiarraren 2. Mezako Kyrie eta Gloria, zein Eslavaren Tu es petrus organoak lagunduta. Obra guzi hauek Doneztebeko musika zaleentzat ezagunak dira honezkero, sanpedro besten inguruan aspaldi samarretik abesten baititu abesbatzak.

Emanaldian hainbat bakarlari ariko dira, tartean Loli Salaberri sopranoa, Alicia Telletxea eta Axun Viela mezzo-sopranoak, Gorka Ordax tenorea zein Beñardo San Miguel baritonoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun