1948an ekarri zituzten lehen aldiz erraldoiak Lesakara, duela 75 urte. Urteurren horren harira, hainbat ekitalditan parte hartzeaz gain, irailaren 9rako besta eguna antolatzen ari da Lesakako erraldoi eta buruhandien konpartsa.
Oraindik ez dute egitaraua erabat zehaztua, baina egun osoko ospakizuna izanen da. Eguna antolatzen laguntzeko, aitzinetik, herriko komertzio, ostatu eta zerbitzuen laguntzarekin osatutako bi saski eder zozketatuko dituzte sanferminetan, uztailaren 9ko karrikabuelta bukatzerakoan. Hamabortz egunen ondotik irabazlea agertuko ez balitz, berriro zozketatuko litzateke. Zenbaki saritua sare sozialetan zabalduko da. Saskia, Mendegia harategiaren ondoko erakusleihoan dago ikusgai eta txartelak euro batean salgai daude dagoeneko.
Nobeto Mitxelena konpartsa kide beteranoenak aipatu digunez, «gaur egun 13 bat lagunek osatzen dute konpartsa, hamar lagun gaude erraldoiak dantzatzeko, bi gaitero eta atabala». Zenbait urtetan erraldoiak dantzatzeko jende guttirekin egon ondotik, beraz, 2018an sortu zenetik honat indartsu eta gogotsu dago konpartsa. Aste honetan bilera egitekoa dute, irailaren 9ko egitaraua lotzen joateko: «Ideia pila bat dugu eta polita izanen da», diote.
Joan den larunbateko Beti Gazteren egunean, ekipazio berria ere estreinatu zuten kideek, argazkian ageri denez.