Udaberriko besta bikaina izan dute Urrozen

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 6a, 10:00

Euri zaparradak azpian harrapatzetik libratu dira urroztarrak asteburuan eta Udaberriko besta umorez ospatu dute, giro ederrean. Larunbat arratsalderako txarra emana bazuen ere, goizeko eguraldi eguzkitsuak herri bazkaria plazan egitera animatu zituen herritarrak, eta momenturen batean kontrakoa ematen bazuen ere, ez zuen ekaitzik lehertu azkenean. Argazkiak: Jaione Ariztegi

Goizean herritarren arteko herri kirolak izan ziren plazan, eta giro polita sortu zen bazkal aurretik herritarrak elkartzeko aitzakiarekin. Ondotik, Maialen Akizu eta Iker Zubeldia bertsolariekin girotutako herri bazkaria paregabe joan zen eta Beñat akordeoilariaren musikaz gozatzeko aukera ere izan zuten urroztarrek. Haurrek puzgarriak izan zituzten egun osoan eta mahai-jokoak eta berendua arratsaldean eta, akitzeko, afaria, xingarra eta txistorrarekin, denendako. Hurrengo irailean ospatuko diren San Miguel besten zain geratu dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun