Giro ederra izan dute Errekaren XV. Egunean

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 5a, 10:00

Ekitaldi ugarien artean erraldoi berrituen aurkezpena ere egin zuen Doneztebeko konpartsak

Doneztebeko Erreka elkartearen Eguna ospatu zuten ekainaren 3an, larunbatean. Egun osoan ekitaldiak eta omenaldiak izan zituzten. Mugimendua, baina, ortziralean hasi zen, umeen eskubaloiarekin eta Santa Luzia Plazan jokatutako mus txapelketarekin. 57 bikotek hartu zuten parte eta Oier beratarrak eta Enaitz sunbildarrak lortu zuten txapela eta 300 euroko saria. Finalean Purina eta Iñigo doneztebarrei irabazi zieten. Hauek 100 euro eskuratu zituzten.

Larunbatean egun handia

Larunbat goiza abiatzeko Malerrekari bira eman zioten txirrindulariek. 56 kilometroko itzuli herrikoia egin zuten Pepas kafetegitik hasita, Legasa, Gaztelu, Donamaria, Oiz, Urroz, Labaien, Saldias, Eratsun, Ezkurra, Zubieta, Ituren eta Elgorriaga gurutzatu ondotik, Donezteben akitu zuten

Larunbat goizean hainbat eskubaloi partida jokatu zituzten kiroldegian eta Errekako judo eskolak ere erakustaldia eskaini zuen. Ezkurra pilotalekuan ere pilotariak lehian aritu ziren. Denendako hamaiketakoa izan zen. Arratsaldean ere eskubaloia protagonista izan zen eta senior neskak, senior mutilak eta jokalari ohiak nahastuta taldeak osatu eta elkarren kontra aritu ziren. 50 jokalari aritu ziren denera, lau taldetan banatuak. Ondotik, Doneztebeko erraldoi berrituen aurkezpena egin zuen konpartsak eta Erreka Dantza Taldearen emanaldia ere izan zen.

Eguna borobiltzeko, 275 lagun bildu ziren Santa Luzia Plazako herri afarian eta afal ondoan, omenaldia eskaini zitzaien Patxiku eta Felipe Ganboa anaiei, Errekaren alde egindako lana eskertzeko. Denboraldi honetako Bodega Iñurrieta sariak ere eman zitzaizkien helduen taldeetako bi jokalari onenei, Marina Zabalari eta Iñigo Oskozi. Akitzeko gaupasa Trikidantz taldearekin. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun