Zentral eolikoak eskualdean

[GUTUNA]: Berriztagarrien zurrunbiloa

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 3a, 08:00

Eskualdean puri-purian dagoen proiektu eolikoen inguruan idatzi du Zubietatik Juainas Paulek. Argi dio: «berriztagarriena derrigorrezko apustua» iruditzen zaio, baina «neurrian. Hori da koxka! Eta hondamendirik sortu gabe».

Egon, egonen da, baina nik ez dut berriztagarrien aurkako inor ezagutzen. Niri behinik behin aukera ez, derrigorrezko apustua iruditzen zait: egurra, ura, haizea, eguzkia, baliabide naturaletatik sortutako gasa... Neurrian. Hori da koxka! Eta hondamendirik sortu gabe.

Zubietatik idazten dut eta hemengoa huskeriatzat har daiteke. Bost bat haize errota? Zortzi Iturenekin? Eta Labaien, Eratsun, Saldias, Arantza, Sunbilla, gehi Goizueta-Arano-Hernanikoak...?  Goi Nafarroako hegoaldean gehiago dira! Erkidegoan Gipuzkoakoak daude, eta Bizkaikoak, eta zer esanik ez Araban. 110 toki apropos identifikatu omen dituzte haize errotak eta eguzki plakak kokatzeko. Eta hasita, Bizkaitik Galiziako Finisterreraino mendiz mendi joan eta itsasoz etor daiteke haize errotak zenbatzen. Eta Iberiar penintsulan zehar? Ui-ui-ui ama! Hainbat haize errota eta eguzki-plaka... Hemendik aurrera argindarra doanik: Kar-kar edo ja-ja!

Tresneria konplikatua eta garestia behar denez, enpresa handiak ausartzen dira, multinazionalak hobe, eta horrelakoak ari dira proposamenak egiten. Noren alde?

Zubietara itzuliz: Elicio izenekoak 30 milioi euroko obra aurreikusi omen du eta udalari 900.000 euro ordainduko (ziurtaturik?) eta urtero diru kopuru bat. Betiko? Noiz arte?

Milioi horiek 120 metroko posteak eta 75eko hegalak ekartzen eta kokatzen (pistak moldatu, kableatu eta abar) joanen dira –Aholkua: ikusi Endara Bizirik taldekoek egin zuten bideoa–. 900.000 euro edo % 3 horrek orekatuko du parajeen galera? Hegaztien eta beste animalien hilketak? Bertako aziendak hurbiltzerik izanen dute? Sustrai Erakuntza fundaziokoak guztiz aurka dira, kalte ikaragarriak ikusten dituztelako.  

Eta gerokoa, betiko horrek zalantzak pizten dizkit. Hor dago Zubietako zentrala... Iberdrolak zenbat ordaintzen dio udalari? Uste dut inoiz akzioren bat eman ziola... eta bertako langileena aspaldi akitu zen. Handiak beti indartsu. Eta orain multinazionalekin abiatu behar dugu? Horrela bada, aurretik diruarena lotu: oraingoa eta etorkizunekoa, izugarri artistak baitira orain agindutakoa, promestua, gero ukatzen. Diruaren boterea!

Bat nator alkatearekin: «Aurrera eginen balu... herri galdeketa egin beharko... herriak zer nahi duen jakiteko» eta hainbat iritzi izanen direla uste dut. Hala ere, Baztango debekua oroitu: ezin izan dute Erdizkoari buruz herrietan bozketa loteslerik egin.

  1. Nik neurri eta kopuru horietako berriztagarriei ezetza emanen diot.
  2. Etxez etxeko galdeketa egin daiteke loteslea izendatu gabe.

Kontuan izan ere Goiener/Nafarkoopeko aholkularitza hurbil dugula eta bere laguntza erraz lortu daitekeelakoan nago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun