XV. Errekaren Eguna eginen dute larunbatean Donezteben

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 31a, 20:00
Ohikoa denez, dantza taldeak ere bere emanaldia eskainiko du Erreka elkartearen egunean.

Doneztebeko Erreka Kirol Elkarteak, udalaren eta Gazte Burrunbaren laguntzarekin, Errekaren Eguna antolatu du ekainaren 3rako. Egitarauaren barrenean aurkeztuko dituzte Doneztebeko erraldoi berriak.

Mugimendua, baina, ortziralean hasiko da. 17:00etan umeen eskubaloia izanen da kiroldegian eta bukatzean berendua izanen dute. Gero, 22:00etan Santa Luzia Plazan mus txapelketa izanen da. Sari ederrak izanen dituzte: irabazleentzat 300 euro eta txapelak eta bigarrenentzat 100 euro.

Larunbatean izanen da egun haundia

08:30ean Malerrekari bira emanen diote bizikletaz. 56 kilometroko itzuli herrikoia izanen da eta Pepas kafetegitik hasita, Legasa, Gaztelu, Donamaria, Oiz, Urroz, Labaien, Saldias, Eratsun, Ezkurra, Zubieta, Ituren eta Elgorriaga gurutzatu ondotik, Donezteben bukatuko da.

09:30etik aitzinera kiroldegian eskubaloi partidak izanen dira:  09:30-10:15 artean alebin neskak eta mutilak, 10:15-11:00 artean infantil eta kadete neskak eta 11:00-11:45 artean infantil eta kadete mutilak. 12:00etan Errekako Judo Eskolako erakustaldia izanen da eta goizean pilota partidan eginen dituzte. Akitzean, berendua goizean parte hartu duten kirolari guztientzat. 

17:00etan eskubaloia izanen da protagonista berriz ere: senior neskak, senior mutilak eta jokalari ohiak nahastuta taldeak osatuko dituzte eta elkarren kontra ariko dira. Ondotik, Doneztebeko erraldoi berrien aurkezpena eta Erreka Dantza Taldearen emanaldia izanen da eta bukatzeko zozketa. 

21:00etan herri afaria izanen da Santa Luzia Plazan eta akitzeko gaupasa Trikidantz taldearekin. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun