Osasunaren Eguna bigarren aldiz antolatu dute Sunbillan eta oraingoan ere arrakastatsua eta ederra izan da. Maiatzaren 27an, larunbat goizeko hamarretan plaza ingurutik martxa abiatu zen globo urdinekin eta urre kolorekoekin. Bertatik abiatu eta inauterietako karrozen ibilbide berdintsua egin zuten, musikaz alaiturik, plazan akitzeko. Han bertan lehenik ADANOren ordezkariek hitzaldia eskaini zuten eta ondoren ANADIkoen txanda izan zen.
Bitartean, herriko frontoian, alde batean haurrendako koltxonetak eta bertzean, Iciar Mikelperizena margolariaren eskutik, ADANO eta ANADI elkarteen logoen muralak margotu zituzten. Hitzaldien txanda akitu eta, 14:00etan, eliz-atarian eta ondoko aterpean 240 lagunek bazkari eder batez gozatzeko aukera izan zen. Bazkalondoan haur eta gaztetxo guztiei zenbaki bat banatu eta zozketa andana egin ziren izugarrizko opariak lortuz. Hori akitutakoan, bazkarirako erositako txartelaren zenbakia kontutan hartuz, hainbat eta hainbat zozketa egin ziren, baita opari haundiak eskuratuz ere.
Doneztebeko Ostiz etxekoei omenaldia
Tartean, Carlos Ostiz eta Pilar Olalla, Ostiz dendako nagusiek, omenaldi ttiki bat jaso zuten Sunbillan. Antolakuntzaren eskutik, txapela 150 urte zurekin eta mila esker testua bordatuarekin, hartu zuten. Hitz politak ere aditu zituzten, eskertuz zonaldearentzat egin duten eta eginen dutena lana. Bingoaren txanda ere ailegatu zen. Opariz betetako linea eta bingoak izan ziren. 30 urte ezkondurik dituzten bikoteen artean tangoa hobekien dantzatu zuenarentzat ere sari ederra eskaini zuten. Guzti hau bazkalondoan izan zen.
Hortik plazara mugitu eta han zunba dantzatzeko tartea izan zen. Bitartean, talogileak beraien lanei 19:30ak inguruan hasiera eman eta 22:30ak bitarte taloak egin eta egin pasatu zuten. A ze nolako arrakasta.
20:00etan lau loteen zozketa egin zen. Guztira 10.000 txartel saldu dira eta saridunak Murillo el Fruton, Etxarri Aranatzen, Ostiz dendan eta Sunbillan egokitu dira. Enkanteak ere egin ziren eta dirutza bildu zen.
Chuchin Ibañez eta Jesus Tapizek ere beraien musikaz gozarazteko tartea eskeini zuten. A ze nolako giroa paratu zuten. Hori akitutakoan, DJ J&J, gaueko 22:30etan musika jartzen hasi eta giro lagun goizeko 04:00etan egun eder eta politari bukaera eman zioten.
Lerro hauen bidez aprobetxatuko dugu modu batean eta bertzean lagundu duten guztiei eskerrak emanez. Horrez gain, eskertuko dugu Sunbillako herria eta nola ez antolakuntza lanetan ibili den taldea. Eskerrik asko bigarren urtez horrelako egun borobila antolatzeagatik.